Zapla bertsolari gazteen zirkuitua, Hernanira

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 11a, 00:00

Bederatzi bertsolari gaztek saioa izango dute 19:00etan Milagrosan bihar beraien plazaratzea helburu hartuta.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Zapla bertsolari gazteen zirkuitua antolatu du bederatzi bertsolari gazterekin eta hauen bertso eskolekin elkarlanean. Zaplaren helburu nagusia bertsolari gazteen plazaratzea izango da eta bihar, larunbatean, Hernanira iritsiko da. Milagrosan izango da saioa, 19:00etan hasita.

Behin Eskolarteko Txapelketak bukatuta plazaz plazako jardunera iritsi arteko etapan dauden bertsolari gazteei, sarri norbere bertso eskolak antolatutako saioetan kantatzeko aukera izaten duten arren, hortik kanpoko zirkuituan sartzea kosta egiten zaie.

Plazaratze prozesu horretan dauden bederatzi gaztek hainbat bertsolarirekin trukatutako esperientzietatik sortu da Zapla, eta asmoa gazteek plazan dabiltzan bertsolariekin kantatzeko aukera izatea da.

 

Sustrai Colinarekin, Haizea Arana, Ane Beloki eta Aner Peritz

Hernanin bederatzi bertsolari gazteetatik hiru ariko dira bertsotan: Ane Beloki, Aner Peritz eta Haizea Arana eta Sustrai Colinarekin aritzeko aukera izango dute. Hernanikoa hirugarren saioa da eta gonbidapenak bertsozale.eus webgunean eskuratu daitezke. Irati Sánchez Arevalo da gai jartzailea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!