Joxe Mari Auzmendi hezkuntza beka jarri dute martxan Hik Hasi-k eta Udalak

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 11a, 00:00
Pleno aretoan bildu ziren Udaleko ordezkariak, Hik Hasik-eko kideak eta Joxe Mari Auzmendiren familia.

Guraso taldeak, aisialdi taldeak, Euskal Herri osoko ikastetxeak, hezitzaileak, euskera elkarteak, herri mailan osatutako eragile taldeak... aurkeztu ahal izango dira.

Hernaniko Udalean atzo Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekaren lehenengo edizioa aurkeztu zen. Bertan izan ziren Xabier Lertxundi alkatea, Oier Agirresarobe Euskara eta Hezkuntza alorreko zinegotzi delegatua, Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren parte diren Ainhoa Azpiroz eta Mikel Agirrezabala eta Joxe Mari Auzmendiren familiako kideak, bere alaba Izaro ordezkari zutela.

Xabier Lertxundi alkateak hartu zuen hitza eta bekaren helburua azaldu zuen: Joxe Mari Auzmendiren hezkuntza balioei jarraipena eman eta balio horietan oinarrituriko hezkuntzaren eginkizun eraldatzaileak dituen proiektua laguntzea. «Euskeraz, Euskal Herri osoarentzat. Joxe Mari Auzmendik euskera eta euskal kulturaren, hobekuntza pedagogikoaren, herri hezitzailearen eta inklusioaren inguruan ardaztu zuen bere ibilbidea eta zioen bezala: Hezkuntzak ekarriko du gizarte hobe bat, gizarte justuago bat, orekatuago bat, parekideago eta euskaldunago bat. Baina hezkuntzak eginkizun haundi hori beteko badu, bikaina, kalitatezkoa izan behar du».

Hezkuntza-komunitateari zuzenduriko beka hau Joxe Mari Auzmendik sortu eta gidatu zuen Hik Hasi egitasmo pedagogikoak sustatu eta Hernaniko Udalak diruz laguntzen du.

Proiektuak lau eremu hauetako batean kokatua egon behar duela adierazi zuen alkateak: «Hobekuntza pedagogikoa, Euskara eta euskal kulturaren biziberritzea, herri hezitzailea eta inklusioa».

 

«Joxe Mari Auzmendi, sekula agortzen ez zen iturria»

Ondoren, Hika Hasi-ko Mikel Agirrezabalak hartu zuen hitza. «Joxe Mari Auzmendi, sekula agortzen ez zen iturria. Titular hori jarri genuen Hik Hasi aldizkarian gure egitasmo pedagogikoaren sortzaile eta bultzatzaile zenaren heriotzaren berri emateko idatzitako erreportaje luzean, 2020ko otsailean».

Lau gai horietako batean (edo gehiagotan) ardazturiko proiektu bat lagunduko du beka honek. Proiektu berri bat abian jartzeko edota dagoeneko indarrean dagoen bat bultzatu eta bideratzeko izango da eta hezkuntza komunitate osoari zuzendua dago. Euskal Herri osoko ikastetxeak, hezitzaile taldeak, guraso taldeak, aisialdi taldeak, euskara elkarteak, herri mailan osatutako eragile-taldeak eta abar aurkeztu ahal izango dira. Eragile desberdinen arteko elkarlana hobetsiko da.

 

Bi ikasturtekoa, zenbatekoa 12.000 euro eta urriaren 1a, aurkezteko azken eguna

Mikel Agirrezabalak bekaren  xehetasun batzuk plazaratu zituen. «Epaimahaia Hernaniko Udalaren ordezkari batek eta Hik Hasi egitasmo pedagogikoko hiru hezkuntza-adituk osatuko dute. Hautatutako proiektuari jarraipena egiteko, beti ere proiektuaren ezaugarriak kontuan hartuta, aholkulari pedagogikoa izendatuko du epaimahaiak onuradunekin adostuta».

Bekaren iraupena bi ikasturtekoa eta bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izango da. «Proposamenak aurkezteko epea 2021eko urriaren 1ean amaituko da eta epaimahaiak, aurkeztutako lanak aztertu ostean, azaroaren 2an jakinaraziko da saritutako proiektua zein den».

Oinarriak eta eskaera-orriak hikhasi.eus webgunean zabaldu dira dagoeneko. «Nire hitzartzea amaitzeko, beste behin, eskerrak eman nahi dizkiet, Hik Hasiren izenean, Joxe Mari Auzmendiren familiari eta Hernaniko Udalari. 25 urte bete ditu aurten Hik Hasik eta ikasturte zail honetan ospakizun gutxi egiteko aukera izan dugu, baina ederra da hezkuntza komunitateari laguntzeko aukera honekin ospatzea urteurren berezi hau, urte zail eta exijente honetan ikaragarri merezi baitu hezkuntza-komunitate osoak».

 

«Mila esker Hernaniri errekonozimenduagatik»

Azken hitza Joxe Mari Auzmendiren Izaro Auzmendi alabak hartu zuen. Hunkituta agertu zen eta eskerrak eman zituen. «Mila esker errekonozimenduagatik. Eskerrik asko Hernaniko Udalari eta batez ere Hernaniko herriari». Bertaratutako denek txaloekin agurtu zuten eta ondoren hurbildutako familia osoak parte hartu zuen argazkian momentu hunkigarri batean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!