Denera 7 bertso saritu dituzte, Doberak antolatutako 'Bota bertsoa!' ekimenean

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 9a, 00:00

'Bota bertsoa!' aurtengo edizioko irabazleak, Doberako kideekin.

'Bota bertsoa!' dinamikaren VIIgarren edizioa izan da aurtengoa, eta guztira, 7 bertso izan dira sarituak. Sagardo kaxa bana jasotzeaz gain, sagardotegian 2 lagunentzako otordua irabazi dute saria jaso duten parte-hartzaileek.

Bota bertsoa! VIIgarren bertso paperen lehiaketa txikia antolatu du Doberak. Aurtengo gaia Zein ederra izango den itzulera izan da, eta parte-hartzaileek  nahi izan duten doinuan eta neurrian aurkeztu dituzte bertsoak. Egitasmo honen helburua da «sagardotegian giro euskalduna sortzea, euskeraren erabileran eraginez». Horrez gain, ekimen honekin, Doberaren xedea da «bertsoaren eta sagardogintzaren arteko harreman estua berreskuratzea, euskal kultura sustatuz eta indartuz».

 

Zazpi saritu, denera

Proposamena aurkeztu duten herritar guztien artean,  dagoeneko jakinarazi dituzte 7 bertso sarituak: Ekai Legorburu (Hernani), Iñigo Legorburu (Hernani), Ion Beloki (Andoain), Mikel Izagirre (Zarautz), Mikel Urreaga (Hernani), Nagore Iztueta eta lagunak (Ordizia), eta Oier Eziolaza (Idiazabal). Sari gisa, sagardo kaxa bana eta sagardotegi batean bi lagunentzako otordua jaso dute irabazleek.

Bertso sarituak Iraulio Pantta­lone Bertso Kabiya eskolak banatu ditu; eta sariak, berriz, Hernaniko eta Astigarragako sagardotegiek eman dituzte. Aurten, gainera, 29 sagardotegi eta taberna izan dira Doberako laguntzaile, eta eskerrak eman dizkie Doberak, egitasmoan parte hartzeagatik eta laguntza emateagatik.

Bestalde, aurten, osasun egoera dela eta, online formatua erabili dute Doberakoek. Izan ere, ez da posible izan bertsoak sagardotegietako kaxetan uztea; eta, beraz, proposamenak emailez bidali behar izan dituzte herritarrek. Hori horrela, espero baino parte-hartze baxuagoa izan da. «Tamalez, sagardotegiak denbora luzez itxita egon behar izan dute, eta horrek ere eragin haundia izan du parte-hartzaile kopuruan», azaldu dute.

Horregatik guztiagatik, egungo osasun egoera hobetuko denez, datorren urteko lehiaketan, aurreko edizioetan bezalaxe, parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!