Serena Mirandak 100 urte beteko ditu bihar, eta omenaldia egingo diote

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 8a, 00:00

Bilbon jaio zen, 1921eko ekainaren 9an, eta urtebete zuela etorri zen Hernanira. Bihar, omendu egingo dute, 12:00etan, adinekoen egoitzan. 

Serena Miranda Furundarenak 100 urte beteko ditu bihar. Hori horrela, Adinekoen Egoitzako langileek omenaldia egingo diote 12:00etan. Bertan izango dira Xabier Lertxundi alkatea, egoitzako langileak, eta baita Serenaren senideak ere. Igandean ospatuko dute urtebetetzea, Serenak eta familiakoek; baina, horrez gain, merezitako aitortza egin nahi die egoitzakoek egoiliarrari, eta biharko jarri dute  horretarako hitzordua.


Bilbotik, Hernanira

Mendea beteko du bihar Serenak, eta 100 urtetan bizitako pasadizoak kontatu dizkie egoitzakoei, bertan izan den urte hauetan guztietan. Ez du nolanahiko bizitza eduki, gainera, tartean izan baititu amaren heriotza, seme baten lapurreta,  edota hainbat gerra.

Bilbon jaio zen Serena, 1921eko ekainaren 9an. Eta, ondoren, urtebete zuela, Hernanira etorri zen. Serenaren ama laugarren seme-alabaren erditzean hil zen, eta beraz, anai-arrebek banatu egin behar izan zuten. Bata morroi joan zen, 7 urterekin; bi txikienak Astigarragako moja-etxera joan ziren; eta, Serena, aldiz, izeba baten baserrira joan zen bizitzera, Artxandara. Bestalde, oroitzen du gerra garaian ganadua Santanderrera eramaten zutela, eta bidean egiten zutela lo. Eta, garai hartan, baserrian zeudela, bonbak etxe albora erortzen zirela kontatu die egoitzakoei, eta zuloak egiten zituztela.

Urteek aurrera egin zuten,  eta 33 urterekin ezkondu zen Serena. Denera, bi alaba eta seme bat izan zituen. Seme zaharrena jaio zenean, erditzean hil egin zela esan zioten; dena den, berak ez du hori inoiz sinistu, lapurtu egin ziotela uste baitu.

1964garren urtean itzuli zen Hernanira. 8 urte pasa zituen alaba baten etxean, eta beste 18 beste alabarenean. Ondoren, Andoaingo egoitzan izan zen;  eta, egun, Hernaniko Adinekoen Egoitzan dago. Bihar ospatuko dute Serenaren urtebetetzea, omenaldi xume zein berezian. Zorionak, Serena!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!