Ibai Lopez eta Unai Ezeiza jaun eta jabe lezotarren aurkako desafiyuan

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 8a, 00:00
Ibai Lopezek alde ikaragarria atera zuen aizkoran.

Nagusi izan ziren eta 1h30:57ko denbora eginez 28 minutuko abantaila atera zieten aurkariei.

Ibai Lopez Jodar hernaniarrak eta Unai Ezeiza Jauregi urnietarrak nagusitasun osoarekin irabazi zuten Garikoitz Mujika eta Eneko Iñarraren aurka Lezon jokatutako desafiyuan. Apustua amaitzeko ordu bete, 30 minutu eta 57 segundu behar izan zuten eta ia 28 minutuko aldea lortu zuten. Aurkariek ordu bete, 58 minutu eta 43 segundutan amaitu zituzten lanak. 


Ibai Lopezek aizkoran egin zituen lanak eta Unai Ezeizak korrika. Lezoko taldean Garikoitz Mujika zen aizkolaria eta Eneko Iñarra korrikalaria. Aizkolariek ekin zioten desafioari, eta hiru kanaerdiko moztu behar zituzten. 


Lana bukatutakoan, lagunari eman zioten erreleboa, eta 14 kilometroko ibilbidea osatu beharko zuten, Jaizkibelera igo eta jaitsita. Eta plazara bueltan, aizkolarien txanda berriro, beste bi kanaerdiko mozteko.


Hasiera hasieratik jaun eta jabe izan zen bikote hernaniar-urnietarra. Lehenengo hiru kanaerdikoak mozterako aldea 15 minutu eta 23 segundukoa zen. Lopezek 13:33an moztu zituen hiru kanaerdikoak. Ikaragarrizko abantaila. Horrek apustuari emozioa kendu zion.Hala ere jendearen erantzuna oso ona izan zen. Hasieran hotz, baina gero hurbildu zen gehiago eta giro ederra egon zen Pisbe auzoan. 


Mendiko zapatillak hartu, eta Lezoko Pisbe auzotik Jaizkibel bidea hartu zuten Unai Ezeiza eta Eneko Iñarrak. Hemen ere urnietarra nagusi zen eta lau minututik gora gehitu zuen abantaila. Ordu bete, zazpi minutu eta 16 segunduan amaitu zituen 14 kilometroak eta Iñarrak ordu bete, 12 minutu eta lau segundutan. 


20 minutu baino alde haundiagoarekin ekin zion Lopezek azken bi kanaerdikoak mozteari. Abantailak oraindik eta gehiago egin zuen gora, azkenengo 27 minutu eta 16 segundura arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!