Hernanik 4-0 galdu du Eibarren aurka eta kanporatua geratu da finalerdietan

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 8a, 00:00
Mundarroko Erregional mailako taldeak finala jokatuko du Zumaiako gainditu ostean.

2-0ko abantailari ezin izan diote eutsi itzulerako partiduan. Unben 90 minutuak amaitzean 2-0 galdu eta gero, luzapenean beste bi gol jaso eta finalik gabe geratu dira. Eibartarrek ezin dute igo eta Beti Gaztek ziurtatu du igoera finalarekin.

Kirolaren alde gazia ezagutu zuen igandean Hernanik. Hirugarren mailara igotzeko finalerdietan kanpoan geratu dira, itzulerako partiduan Eibarren aurka, Unben, 4-0 galdu eta gero. Joaneko partiduan, Zubipen, lortutako 2-0ko abantaila ez zen nahikoa izan eta kolpe gogorra jaso zuten hernaniarrek.

Eibar indartsu sartu zen partiduan garaipenaren bila eta Hernaniri kosta egin zitzaion etxekoen erauntsiari eustea. Hala ere, lehenengo gola ez zen igo 27garren minutura arte.  Helburua atsedenaldira joan aurretik beste gol bat ez jasotzea zen, baina 45garren minutua iristear zela eibartarrek kanporaketa berdindu zuten.  Bigarren zatian Hernanik mantendu zuen emaitza, baina horrek luzapenera joatea suposatu zuen.

Luzapenean Hernanik nekea sumatu zuen eta Eibarrek hirugarren gola sartu zuen 101garren minutuan. Elgoibarren aurka gertatu bezala gola behar zuen Hernanik sailkatzeko. Hori ez zen gertatu eta alderantziz, Eibar izan zen laugarrena lortu zuena luzapeneko bigarren zatia hasi eta berehala. Txuriberdeak aukerarik gabe geratu ziren finalera pasatzeko.

Beraz, finala Eibar eta Beti Gaztek jokatuko dute eta lesakarrek lortu dute Hirugarren mailara igotzea. Eibarrek ezin du igo.

 

Igotzeko aukera txikia mantentzen du Hernanik

Nahiz eta kanporatua geratu, Hernanik Hirugarren mailara igotzeko aukera txiki bat badu. Orain Añorgaren aurka hirugarren eta laugarren postua jokatuko du. Hirugarren geratuz gero playoffa izango luke Bizkaia eta Arabako taldeen aurka eta hor aurrena geratuz gero Hirugarren mailako jaitsieren arabera igoera eskuratuko luke edo ez. Hala ere oso zaila da postua lortzea.

 

Euskal Ligako taldea maila galtzeko zorian

Asteburua ez da ona izan Hernanirentzat. Euskal Ligako taldeak maila galdu dezake datorren partiduan. Alavesen kontra 4-3 galdu zuten eta orain emaitza desberdinen zain egon behar dute. Hernani 2-3 aurreratu zen lehenengo zatian, baina gasteiztarrek bigarren zatian beste bi gol sartu eta emaitza irauli zuten.

Bost taldek galtzen dute maila eta datorren asteburuan Pauldarrak taldearen aurka irabazi eta Goierri Gorri eta Aurrera Vitoriaren porrotak behar dituzte neska hernaniarrek.

Jubenil nazionalak ere galdu egin zuen 2-3 Cultural de Durangoren kontra. Durangarrak maila galduta iritsi ziren Zubipera eta Hernanik maila mantenduta. Horren presiorik gabe talde bizkaitarra hobeto moldatu zen. 88garren minutuan Hernanik binakoa lortu zuen, baina 89an bere atean sartu zuen Durangoren hirugarren gola.

 

Mundarro kanporatua Preferente mailan

Preferentean final laurdenetako kanporaketa jokatu zuen Mundarrok Puion Vasconiaren aurka eta 2-0 galdu zuten partidua kanpoan geratuz. Bi golak partiduaren hasieran eta hamar minuturen faltan iritsi ziren.  Emaitza honekin denboraldia amaitu dute.

 

Lehenengo Erregionalak finala jokatuko du asteburuan

Mundarroko bigarren taldeak, lehenengo erregional mailakoak, finala jokatuko du Zumaiakori 3-1 irabazi eta gero. Finala asteburu honetan izango dute Irungo Mariñoren aurka, baina mailaz ezin dira igo.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!