Zirkua, magoak, pailazoak... Langileko 50. urteurrenean

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 8a, 00:00
Langile Ikastolako ikasleak, panel mitologikoak margotzen.

Mende erdia ospatzeko, egitarau potoloa antolatu du Langilek. Amaiera festara heldu dira dagoeneko, eta egun bereziak dituzte aurretik. 

50 urte bete zituen Langilek joan den urtean, eta urte horiek guztiak ospatzeko, egitarau zabala antolatu zuen ikastolak. Hasierako txupinazioa egin zuten, eta hiru hitzaldi ere eskaini zituzten, ikastolaren urteurrenagatik. Edonola ere, osasun egoera medio, bertan behera gelditu behar izan zuten martxotik aurrera zehaztutako gainerako ekintzek. Besteak beste, ikasle ohien bazkaria eta antzerkia, oraingo eta urte batzuetako eskola sistemaren ezberdintasunak irudikatzeko. Hala ere, Mirari Urbizuk eta Esteban Garmendiak, Laubidietako ingeleseko irakasleek, azaldu dute, «posible denean eta egoerak baimentzen duenean», bazkari hori egiteko aukera baldin badago, egingo dutela. «Bost sagardotegi gorde ziren horretarako, eta 800 pertsona gaur egun ezin dira edonon sartu; beraz, bazkaria egingo da, baina posible denean».

Urteurreneko plangintza erori egin bazen ere, ikastolakoek aukera izan dute beste hainbat egitasmo egiteko, argazki erakusketa eta dokumentala kasu. Eta, orain, amaiera festara heldu dira, «urteurreneko azkeneko fasera», kontatu dute Urbizuk eta Garmendiak. Hain justu, lehenengo zatia osatzen dute orain arte egindako ekintza guztiek; eta bigarren eta hirugarren zatiak, aldiz, bihartik ostiralera bitartean egingo diren dinamika guztiek. Kasu honetan, jarduerak soilik ikasleentzat izango dira. «Lastima haundia da gurasoek ez parte hartzea, baina egungo egoerak ez du baimentzen», jakinarazi dute. 

Porrotx eta Marimototx, 'Vademekun' eta beste asko
Dagoeneko heldu dira urteurreneko azken fasera, eta bihartik hasita, hiru egunez gozatzeko aukera izango dute Laubidietako, Meabeko eta Bidebietako ikasleek. «Burbuila gelak errespetatuko dira eta bakoitzak bere ikuskizuna izango du», azaldu dute antolatzaileek. Hori horrela, egun bakoitzean emanaldi bat izango da. Bihar, esaterako, Vademekun zirku ikuskizuna eta Erreka Mari txotxongiloak izango dira Laubidietan; eta Meaben, berriz, ipuin saio musikatuaz gozatuko dute 2 urteko haurrek. Etzi, Oihan Vegak Laubidieta bisitatuko du, eta txotxongiloak izango dira, berriz ere. Ostiralerako, magia eta dantza-zumba antolatu dituzte. 

Azkenik, urteurrenaren azken trakarako, ekainaren 11n, ostiralean, eguerdiko 12:30etan, Unai Agirrek eta Joxan Goikoetxeak egindako Langilera ereserkia abestuko dute ikasle guztiek batera. 

Panel mitologikoak, Laubidietako jolastokian
Urteurreneko egitasmo potoloa da mitologia muralena. Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek hartu dute parte, eta baita irakasleek ere. «Gure ikastolan beti sustatu izan dira elkar langintzan uztartutako proiektuak, zeintzuetan ikasleek, irakasleek, gurasoek zein langileek hartu duten parte», dio Garmendiak. «Hari beretik, joan den ikasturtean hasita genuen proiektuari jarraipena emateko asmotan, mitologia muralak sortzea pentsatu genuen. Hernaniko 15 marrazkilarik sortu dituzte muralak, eta horietako gehienak gurasoak, guraso ohiak edo ikasle ohiak izan dira», jarraitu du. «Euskal mitologiaren 18 pertsonaia eta beraien istorioak eta ipuinak islatu dituzte tamaina haundiko paneletan; eta, amaitzean, ikasleek eman diote kolorea, margoketa asteetan».

Dagoeneko amaitu dituzte panelak, eta errepide nagusiaren aldean, soinuen aurkako egurrezko hesian zintzilikatu dituzte. «Asmoa zen Ikastolako festan ikasleek gurasoei bisita gidatuak egitea, baina posible izango ez denez, erakusketa gisa aurkeztuko ditugu», jakinarazi dute.  

 

HAUR HEZKUNTZAKO 
EGITARAUA

MEABEN
BIHAR
'Oihanetik badoaz' ipuin saio musikatua - Sorgina Txirulina
HH2, aterpean, bi saiotan

ETZI
'Amaren intxaurrak' ikuskizuna - Porrotx eta Marimototx
10:00-11:00 HH3, aterpean
11:00-12:00 HH4, aterpean


BIDEBIETAN
OSTIRALEAN
Magia ikuskizuna - 
Andoni Martinez de Ustaran
HH5: 
- Eguraldi onarekin, kanpoan, saio bakarra. 
- Eguraldi txarrarekin, jangelan, hiru saiotan.

LEHEN HEZKUNTZAKO 
EGITARAUA

LAUBIDIETAN
BIHAR 
'Erreka Mari' txotxongiloak  Rosa Martinez

1. ZIKLOA - Lehenengo maila
- Laubidietako goiko aretoan

'Vademekun' zirku ikuskizuna 

3. ZIKLOA - Bosgarren maila
- Eguraldi onarekin, 
ikastolako kirol eremuan
- Eguraldi txarrarekin, Biterin

ETZI
'Erreka Mari' txotxongiloak  Rosa Martinez
1. ZIKLOA - Bigarren maila
- Laubidietako goiko aretoan

Irrati tailerra - Oihan Vega DJa
3. ZIKLOA - Seigarren maila

- Laubidietako gimnasioan

OSTIRALEAN
'Haurrentzako Dantza-zunba animazioarekin' - Eureka Dance taldea
2. ZIKLOA - Laugarren maila
- Eguraldi onarekin, ikastolako kirol eremuan
- Eguraldi txarrarekin, eskolako frontoian

'Magia parrastan' magia 
ikuskizuna - Imanol Ituiño magoa
2. ZIKLOA - Hirugarren maila
- Laubidietako goiko aretoan

*Ekainak 14, 15, 16, 17 eta 18:  Panel mitologikoen erakustaldia Laubidietan, ikasleentzat

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!