650 ikasle, hiru urtez, ingurumena zaintzeko helburuarekin bat

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 7a, 00:00

Elizatxo ikastolarekin abiatu zen Euronet 50/50 programan beste bi ikastetxe batu ziren: Urumea ikastola eta Txirrita herri-eskola.

2018/2019 ikasturtean Elizatxo ikastola Euronet 50/50 proiektuan partehartzen hasi zen, eta hurrengo ikasturtearen hasieran bi ikastetxe gehiago batu zitzaizkion: Urumea ikastola eta Txirrita herri-eskola. 


Euronet 50/50en helburua ikasleak eta orohar, eskola komunitatea, energiaren kudeaketa arduratsu baten alde mugiaraztea da eta horretarako, Hernaniko Udalaren laguntza jaso dute Elizatxo ikastolak, Urumea ikastolak eta Txirrita herri-eskolak. Ikasturte honetan ere jarraipena eman zaio egitasmoaren metodologiari baina, beti ere, eskolen beharretara eta pandemia-egoerara egokituta. 

5.100 euro aurreztea lortu zen urte batetik bestera
Aipatu behar da hiru ikastetxe horietako Lehen hezkuntzako 650 bat ikaslek parte hartu dutela eta baita proiektuaren koordinazioaz arduratu den irakasle taldea ere. Horien guztien inplikazioari esker, ikasturte batetik bestera, 5.100 euro inguru aurreztea lortu zen. 


Ikastetxe bakoitzari lortutako aurrezpenak jakinarazi ondoren, eskoletan energia aurrezteko eta arduraz erabiltzeko ekintza planak diseinatzeko ordua iritsi zen. Horrela, urtarrilean eta otsailean ikastetxe bakoitzean egindako partehartze saio ezberdinen bidez, ikasleek helburuak eta horietako bakoitza lortzeko ekintzak adostu zituzten. Ekintza bakoitzaren lehentasun maila ezarri zuten, eta lortutako aurrezpenaren zenbatekoaren erdia zein jarduera burutzera bideratuko zuten erabaki zuten. 


Aurreztutako zenbatekoaren beste erdia Hernaniko Udalak proiektuan partehartzen duten ikastetxeetan energiaren arloko hobekuntzak gauzatzera bideratuko du. 


Proiektu honi esker, ikastetxeek eta Udalak Garapen Iraunkorreko ondorengo Helburuei egin diete ekarpen zuzena: kalitate oneko hezkuntza; energia eskuragarri eta ez kutsatzailea; klima babesteko ekintza.

Zertan datza Euronet 50/50 egitasmoa?
Euronet 50/50 programa, europar ekimen bat da eta Klima aldaketaren aurka borrokatzeko energia aurreztea helburu nagusitzat du, bereziki udalen jabetzakoak eta kudeaketa zuzenekoak diren Lehen hezkuntzako eraikin publikoetan. 


Programa honetan barneratzen diren jarduerei eta aurrera eramaten diren fase ezberdinei esker, ikasturtea amaitu ondoren lortutako aurrezpenen kalkulua egin ohi da eta Udalak ikastetxe ezberdinekin sinatutako hitzarmenen baitan, lortutako aurrezpenenen erdia eskolei dirutan itzultzen zaie eta beste zatia Udalak aurrezpen-jarduketak eta energia-eraginkortasuneko neurriak burutzeko erabiltzen du.


Proiektuak hainbat fase ezberdin ditu eta lehenengoa energia taldea eratzea izan zen eta ikasleek dute kasu guztietan protagonismo nagusia

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!