Ansa II eta Labakak, Urriza eta Zalduaren aurka jokatuko dute gaur Sagardoaren Txapelketako finala

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 7a, 00:00

'Erremontari' saioaren barruan ETB1en 22:15etan hasiko da finala eta Setien eta Bereziartua sagardotegiak ordezkatzen dituzte.

Sagardoaren Txapelketako finala gaur jokatuko da Galarretan eta bertan Urriza eta Zaldua bikotea, Ansa II eta Labaka bikotearen aurka neurtuko da txapelaren bila. Finala 22:15etan hasiko da eta ETB1eko Erremontari saioan ikusi daiteke zuzenean partidu erabakiorra. 


Urriza eta Zalduak jokatuko dute gorriz eta Bereziartua sagardotegia ordezkatzen dute. Ansa II eta Labakak berriz, urdinez, Setien sagardotegiaren izenean jokatzen dute.


Finalera ligaxkan lehenengo bi postuetan sailkatu ziren bikoteak iritsi dira eta beraz merezimendu guztiarekin daude bertan. Finalerdietan asko sufritu behar izan zuten Urriza eta Zalduak, baina azken partidura iritsi dira. Hala ere aurkariak, Ansa-Labaka, dira faboritoak. 


Urnieta eta Azpeitiko erremontistek ez dute partidu bakarra galdu txapelketa guztian zehar. Ligaxkan bi bikoteak elkarren aurka txapelketaren hirugarren jardunaldian eta bi bikoteen bigarren partiduan aritu ziren. Orduan erraz irabazi zuten Ansa eta Labakak, 17-30, baina geroztik Urriza eta Zalduak ez dute beste partidurik galdu. Gainera, Urrizak finaletan maila igotzen du eta txapeldun haundia da. Bere mailarik onena emanez gero oso zaila da aurrelari iruindarra gainditzea.


Ez da jaialdiko partidu bakarra izango. Bigarren partidu bat jokatuko da eta hemen Segurola eta Zubiri goizuetarrak, Goikoetxea eta Larrañagaren aurka ariko dira. Bi partiduak orain arte bezala, 30 tantora izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!