'Urratsez urrats askatasunera!' hitzaldi zikloa Hernanira iritsiko da

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 6a, 00:00

Herriexistentziak Euskal Herria zeharkatuko duen hitzaldi ziklo pedagogikoa antolatu du eta Hernanin ekainaren 26an emango dute hitzaldia.

Herriexistentzia talde eragilea lehen pausoak ematen ari da Euskal Herriaren independentzia lortzeko asmoarekin. Lan pedagogikoa egiten ari dira eta horretarako ekainaren 19an, Senperen, Euskal Herria zeharkatuko duen hitzaldi ziklo pedagogiko bat hasiko da: Urratsez urrats askatasunera!. Hernanin egingo dute parada bat, ekainaren 26an eta herriaren egoeraz eta independentziaren beharraz konplexurik gabe arituko dira bertan. Asisko Urmenetak, Eneko Bidegainek eta Mikel Erauskinek parte hartuko dute. Senperen hasi, Hernanitik pasa eta Gasteizen amaituko da. 


Hasiera besterik ez da izango Herriexistentziatik diotenez. «Laster gure sareetan jardunaldi bakoitzeko egitarauak zehaztuko ditugu. Independentzia ez dago modan. Azken boladan nazioak pairatzen duen jazarpenaz hitz egitea tabua bilakatu da. Eufemismo mordoa asmatu dugu euskaldunok bizi dugun egoera bere gordintasunean ez adierazteko. Errealitateari aurrez aurre begiratzea gogorregia egiten zaigulako, zapaltzaileak haserrarazi nahi ez ditugulako, edo batek daki zergatik. Gaia ekiditeak ez du gure egoera samurtu, kontrakoa baizik. Gero eta asimilatuago gaude, eta mingarria izan arren, heldu da garaia egoeraz mintzatzeko, gure burua diagnostikatzeko eta gaitzari irtenbidea jartzeko».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!