'Ez da delitua' dinamikari jarraipena emateko, diru bilketa kanpaina

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 6a, 00:00

11.000 eurori egin behar diote aurre eta dirua biltzeko dinamika ezberdinak jarri dituzte martxan ekarpenak egiteko.

Okupazio saiakera bategatik izandako epaiketaren gastuei aurre egiteko Ez da delitua dinamikari jarraipena eman eta diru-bilketa kanpaina bat jarri du abian Hernaniko Gazte Asanbladak. Esteka honetan egin daiteke ekarpena: https://www.okpal.com/ez-da-delitua/#/.

«Jakina den bezala, pasa den otsailaren 2an egindako epaiketan 11.000 euroko kalte ordainak ezarri zizkiguten 2017an aurrera eramandako okupazio saiakera bategatik.

Enegarren aldiz salatzen dugu okupazioaren kontrako errepresio bortitz hau. Epaiak

berretsi besterik ez du egiten sistema judizialaren funtzioa, jabeen interesen alde eginez eta langileriaren oinarrizko beharrak asetzera bideratutako proiektu kolektibo bat kriminalizatuz» dio Gazte Asanbladak prentsa ohar bidez.

Bestalde, ekainean zehar ekintza ezberdinak antolatu dituzte kanpainari ekarpenak egiteko.

Honela, datorren ostiralean ekainaren 11n bertso saioa antolatu da 19:00etan Kontrakantxan Andoni eta Lierni Rekondo eta Iker Ormazabalekin. 5 euro izango da sarrera.

Ekainaren 18an, 17:00etan kontzertua eskainiko da Sasikumeak eta talde sorpresa batekin. Hemen ere sarrera 5 euro izango da.

San Joanetan egitarau berezia egongo da eta ekainean zehar postuak jarriko dira herrian zehar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!