LGTBI+ Zikloari jarraipena emanez, hainbat ekintza egiteko aukera izango da

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 5a, 00:00

Hiruki Larroxa taldeko kideak. Argazkia: ARGIA

Maiatzaren 17an ekin zioten egitarauari, eta ekainaren 28an amaituko da. Hitzaldiak, mahai inguruak eta beste asko izango dira. 

Udaleko Berdintasun Sailak, Berdintasun Kontseiluarekin eta beste hainbat talderekin elkarlanean, LGTBI+ Zikloa antolatu du. Maiatzaren 17an hasi zen, eta ekainaren 28ra arte egiteko ugari izango dituzte herritarrek. Besteak beste, antzerkia, mahai inguruak edota hitzaldiak antolatu dituzte. Xedea da LGTBI+ siglek biltzen dituzten kolektiboen gainean hausnartzea, eta, horrekin batera, gaiari buruz informazioa zabaltzea. 

Aipatu moduan, joan den maiatzaren 17an ekin zioten zikloari. Hain justu, LGTBI+ Fobiaren Nazioarteko Eguna zelako. Ordutik, Lurrun minez antzerkia eta migrazioen eskubide sexualei eta berdintasunari buruzko mahai inguruak izan dira. 

Mahai ingurua eta liburu aurkezpena, datozen asteetan
Egitarauari jarraipena emateko, datorren asteartean, hilaren 8an, mahai ingurua izango da Biterin: Trans Lege Proiektuaren harira sortutako iruzurrak desmitifikatzen.  Arratsaldeko 18:00etan jarri dute hitzordua, Biterin. Euskeraz izango da, eta aldi bereko itzulpen zerbitzua ere izango da. Bryan Altimasberes, Aitzole Araneta eta Kattalin Miner izango dira hizlariak, eta Mash Elizaldek gidatuko du saioa. Gainera, streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango da.

Bestalde, ekainaren 17an,Noiz bukatzen da armairua? liburuaren aurkezpena izango da. Hernanin azken 50 urteetan izan den LGTBI memoriaren gaineko obra da. Bertan izango dira, halaber, Hiruki Larroxako kideak, liburuaren egileak.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!