Ostegunean, lokal hutsen Udal poltsan sartzeko hirugarren deialdia

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 5a, 00:00

Ekainaren 10ean izango da informazio saioa, Biterin, arratsaldeko 18:00etan. Orain arte 2 deialdi izan dira, eta 21 lokal daude zerrendan. 

Duela hiru urte, 2019an, Udalak martxan jarri zuen Guztion izeneko egitasmoa. Programa horren helburua da «hutsik dauden lokal komertzialak dinamizatzea». Horretarako, Udalak hutsik dauden lokalen gaineko informazioa bildu zuen, gerora, lokalen poltsa osatzeko. Horrekin, asmoa zen lokal horien jabeen eta negozio berri bat edota merkataritza ekimen berri bat abian jarri nahi dituzten ekintzaileen arteko harremana sortzea.

Hurrengo deialdia, hirugarrena, ekainaren 10ean
Programak jarraipena izan du azken urteetan. Hain justu, orain arte bi deialdi egin dira, eta hurrengoa, ekainaren 10ean izango da, datorren ostegunean. Deialdi horien helburua da hutsik dauden lokalen jabeek, interesa izanez gero, programa honetan izena ematea. Dagoeneko 21 lokal daude zerrendan, eta hirugarren deialdi honekin, xedea da beste hainbatek ere izena ematea. Arratsaldeko 18:00etan jarri dute hitzordua, eta Biterin izango da. 

Bestalde, poltsa horretan dauden lokalek, ikusgarritasuna haunditzeaz gain, beste hainbat abantaila ere izango dituzte. Hala nola, Udalaren hainbat egitasmotan edota dirulaguntzetan. Hori dela eta, Udalak honen gaineko informazioa zabaltzeko asmoa du ekainaren 10eko saioan, eta parte hartzera animatu ditu lokal hutsak dituzten jabeak. Izan ere, horrek ongizatea ahalbidetuko du eta aukera emango die ekintzaile lanetan ari diren herritar guztiei. 
Informazio gehiago nahi izanez gero, Udaleko Merkatzaritza Sailarekin harremanetan jartzeko aukera dago: 943 33 70 28 telefono zenbakira deituta, goizez. Bestela, www.hernani.eus/eu/guztion webgunean.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!