«Horrelako pikeek ematen digute aitzakia, kirola beste gogo eta ilusio batekin egiteko»

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 5a, 00:00

Ibai Lopez Jodar eta Unai Ezeiza Jauregi, desafiorako prest.

Desafioa jokatuko dute gaur goizean, Lezon, Ibai Lopez Jodar hernaniarrak eta Unai Ezeiza Jauregi urnietarrak, Lezoko Garikoitz Mujika eta Eneko Iñarra aurrean dituztela. Aizkoran eta mendian korrika ariko dira, «ohorea» jokoan dutela.

Aizkora eta mendiko zapatillak hartu, eta Lezoko Pisbe auzora azalduko dira gaur goizean, Ibai Lopez Jodar hernaniarra eta Unai Ezeiza Jauregi urnietarra. Bertan daukate hitzordua bi lagunek, goizeko 11:00etan: desafioa jokatuko dute, Lezoko Gari­koitz Mujikaren eta Eneko Iña­­rraren kontra.
«Diru pixka bat jarri dugu, baina nagusiki, ohorea dago jokoan. Galtzea ez zaigu inori gustatzen», kontatu du hernaniarrak. Aizkoran ariko da bera, Mujikaren kontra; eta mendian korrika Ezeiza, Iñarrarekin aurrez aurre. Aizkolariek ekingo diote desafioari, eta hiru kana­erdiko moztu beharko dituzte. Lana bukatutakoan, lagunari emango diote erreleboa, eta 14 kilometroko ibilbidea osatu be­harko dute, Jaizkibelera igo eta jaitsita. Eta plazara bueltan, aizkolarien txanda berriro, beste bi kanaerdiko mozteko.

«Oso parekatua izango da. Esan didate Garikoitz oso ondo dabilela aizkoran, baina uste dut ni ere ez nabilela gaizki. Abantaila hartzekotan, ez dit asko hartuko. Eta korrika uste dut Unai pixka bat hobea dela Eneko baino. Beraz, ikusiko dugu zer gertatzen den», kontatu du Ibaik.

«Beti gustatu izan zait aizkora, baina ez dut inoiz praktikatu»

Mendian korrika esperientzia haundia dauka Unai Ezeizak, eta Zegama-Aizkorri mendi maratoi ezaguna ere egin izan du. Oso bestelakoa da Ibairen kasua, ordea, aizkorarekin: «beti gustatu izan zait aizkora, baina ez dut inoiz praktikatu. Enbor txiki batzuekin hasi nintzen, eta kosta egin zitzaidan hasieran, baina joan naiz pixkanaka erritmoa hartzen. Roxario Pikabearengana ere jo genuen laguntza eske. Eta pixkanaka, be­ra ere berotu egin zen desafioarekin, eta astean bitan aritu naiz berarekin entrenatzen». Egurra lortzeko eta aizkorak eskuratzeko izan dituzte «komeriak», baina laguntza izan dute: «jende asko por­tatu da oso ondo gurekin». Aiz­korak, esaterako, Urnietako Jau­regi tailerrekoak utzi zizkien.

Lau-bost hilabeteko prestake­ta izan da, zailtasun batzuk tarteko: «lesio pare bat izan ditut, lan berriek horrelakoak ekartzen dituztelako. Bizkarra, lunbarrak... Aurrena hiru astez egon nintzen geldirik, eta ondoren beste bi astez. Baina prestaketa ona egin dugu. Julen Gabirondorekin ere izan nintzen, eta berak markatu zizkidan denboretan nabil, batzuetan baita hobeto ere. Beraz, uste dut nahikoa prestatua nagoela. Ahal nuen guztia egin dut behintzat», dio Ibaik.

Kontrarioa ere ez da aizkolaria, baina badu abantailarik: «Garikoitz baserritarra da, eta aizkorarekin horrelako mozketak egiten ez, baina egurrarekin aritua izango da. Nik baino gehiago hartuko zuen aizkora. Egia da aizkolaritzan zeharo ezberdinak direla mozketak, baina baserriko lanetan arituta betiere... Niri ere gustatzen zait saltsa hori, baina uste dut bera gehiago ibili dela».

Lagunarekin dauka konfiantza haundia hernaniarrak: «korrikalari aditua da Unai. Baina Eneko ere ondo dabil. Elkar ezagutzen dute biek, eta badakite maila berdintsua daukatela. Pa­re­kotasun horrek piztu zuen de­safiorako gogoa».

Adinak ere izan dezake bere eragina, desafioan: «zortzi urte gazteagoak dira haiek; guk 34 urte dauzkagu, eta beraiek 26 inguru». Eta baita plazak ere: «Lezon adostu genuenez desafioa, han egitekotan geratu ginen. Niretzat ez da desabantaila haundia izango, baina Unairentzako beharbada bai, mendi bideak hobeto ezagutuko dituelako Enekok», dio hernaniarrak.

Azaro aldean bota zioten erronka elkarri: «Irunen bazkal­du ondoren, Lezon geratu ginen bueltakoan, ezagunak dauzkagulako han. Eta hizketan berotuta... Desafioa adostuta atera ginen handik».

«Lasterketetan egin izan ditugu pikeak koadrilakoek, baina horrelakorik inoiz»

Izan ere, erraz berotzekoak eta pike-zaleak dira Ibai eta Unai, koadrilakoak bezala: «lasterketetan egin izan ditugu pikeak koadrilakoek, Ereñotzuko Mendi Lasterketan edota Behobia-Do­nostian adibidez. Baina horrelako desafiorik ez dugu inoiz egin», kontatu dute.

Bizigarritasuna ematen diete erronka horiek: «horrelako gauzek ematen digute aitzakia, kirola beste gogo eta ilusio batekin egiteko. Bestela kosta egiten zaigu eta!», kontatu du Ibaik.

Eta koadrilan horrelakoen zaleak izanda, ez dute hutsik egingo gaurko hitzordura: «eguraldi txarra dago emanda, baina koadrilakoak eta beste hainbat herritar joango dira ikustera eta animatzera. Urnietatik ere badakit gerturatuko dela jendea; tartean, aizkorak utzi zizkiguna. Lezon jokatuta ere, ez ditugu faltako animoak».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!