Energia eraginkortasunaren bidean, eta burujabetza lortzeari begira, beste pauso bat emango du Hernanik laster: Energia Berriztagarrien Komunitatea jarriko dute martxan. Kooperatiba bat izango da, eta autokontsumo partekatuaren bitartez, sortuko dute energia berriztagarria, eta bazkideek hobaria lortuko dute energiaren fakturan.
Proiektuarekin ari dira lanean Hernaniko Udala, GoiEner Kooperatiba, Ingutek enpresa eta Hiritik At kooperatiba, interesa azaldu duten herritarrekin eta enpresekin batera.
Udal eraikinetan ez ezik, herriko etxebizitzetan ere energia eraginkortasuna
2017an landu zuen Energia Plana Hernaniko Udalak, berotegi-gasen emisioak gutxitzeko. Eta 2030 urterako, %40ko murrizketa aurreikusten du planak, sei ildo estrategiko landuz: energia eskaria murriztea udal eraikinetan, herriko etxebizitzetan eta zerbitzuetan; energia eraginkortasuna bilatzea; energia berriztagarriak bultzatzea; mugikortasun jasangarria sustatzea; hondakinak murriztea; eta uraren kontsumoa kontrolatu eta isurketak saihestea.
Bide horretan, Udalak egin ditu hainbat lan, dagoeneko; bereziki udaletxean eta Biterin: «argi guztiak aldatu ditugu, eta horrekin, argindarraren kontsumoa %60 murriztu dugu. Jarri ditugu LED argiak eta presentzia detektatuz pizten direnak. Leiho guztiak ere aldatu ditugu, isolatzeko eta beroa ateratzea saihesteko», azaldu du Mattin Aldaiak, Ingurumen zinegotziak.
Baina udal eraikinetan ez ezik, herriko etxebizitzetan ere lortu nahi dute energia eraginkortasuna. Eta horretarako bultzatu dute energia komunitatearen proiektua. «Guk ez dugu energiarik sortzen, eta erabateko menpekotasuna daukagu. Eta proiektu honekin, kontrola berreskuratu nahi dugu, energia sortuz. Neguan, adibidez, energiaren prezioa igotzen dute, eta nahiko lotuta gaude. Horren aurrean, bilatu nahi dugu energian burujabe izatea Hernani», azaldu du Aldaiak.
«Horrelako komunitateak ari gara martxan jartzen Zestoan, Leitzan, Balmasedan edota Lea-Ibarran ere; eta beste 20-30 tokitatik azaldu digute interesa. Baina Hernani aitzindari ari da izaten», nabarmendu du Santi Ochoa de Eribek, GoiEner Kooperatibako zuzendariak.
«Orain arte ezin zen horrelako komunitaterik sortu, baina orain, Europako zuzentarauek eta Trantsizio Ekologikorako Ministeritzakoek, ahalbidetu egiten dute», dio Mattin Aldaiak. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba izango da Hernaniko energia komunitatea, eta bazkideen esku egongo dira erabakiak eta kontrola. «Udala ere bazkide izango da, bidelagun, baina bazkideek hartuko dituzte erabakiak».
Helburua, Hernani izatea herri jasangarria, buruaskia eta ekologikoki neutroa
2020 urtearen bukaeran hasi ziren proiektua lantzen, eta talde sustatzaile bat osatu zuten: herritarrak, interesa duten enpresak eta Udala daude bertan. Eta pausoz pauso joan dira lantzen zer eta nola egin, bideragarritasun ekonomikoa aztertzen...
«Helburu orokorra da, Hernani izatea herri jasangarria eta iraunkorra, buruaskia, ekologikoki neutroa, gizarte kohesioa bilatzen duena...», nabarmendu du Mattin Aldaiak. Hiru arlotan landuko dute hori: ingurumenari dagokionez, CO2 isurketak gutxituz; gizarte arloan, formakuntza eta hezkuntza eskainiz, pobrezia energetikoa gutxituz eta elkartasuna bultzatuz; eta ekonomikoki, kontsumoan aurreztuz, ekonomia zirkularra sustatuz eta etekinak berrinbertituz. Izan ere, honakoa da kooperatibak eskainiko duena: energia sortuko du, aholku energetikoak emango dizkie bazkideei, eta horiek praktikan jartzea ahalbidetuko du.
Energiaren fakturan hobaria, komunitateko bazkideek
Energia komunitateko bazkide direnek, ez dute dirurik irabaziko, baina bai onura ekonomikoa jaso. Izan ere, komunitateak plaka fotoboltaikoak jarriko ditu herriko puntu jakinetan; eta horiek sortutako energia, bazkideen artean banatuko dute; ez zuzenean, baizik eta energiaren fakturan jasoko duten hobariaren bitartez.
Autokontsumo partekatua da egingo dutena, eta aurreneko proiektua da Zubipeko futbol zelaiaren harmailen gainean jartzea plakak: 300 plaka jarri daitezke bertan. «Plaka horiek sortutako energia, partekatuko da ingurukoen artean. Ez zuzenean, modu fisikoan kableak botata; baizik eta argindarraren fakturaren bitartez, aurrezpen batekin», azaldu du Santi Ochoa de Eribek. «Legeak dio, 500 metroko erradio batean, komunitateko bazkide den edonork hartzen duela parte energia horren sorreran. Beraz, plaka horiek sortzen duten energia, zatituko da bazkide horien artean, eta bakoitzari dagokion zatiarekin, hobaria jasoko du energiaren fakturan», dio Aldaiak.
Alegia, plaka horiek 5.000 kw sortzen badituzte, eta 100 bazkide badira, bakoitzak 50 kw sortuko ditu; eta kopuru hori ezingo dio kobratu hileroko fakturan, energia hornitzen dion enpresak. Hobari horren zati bat, bazkideak berak jasoko du, eta beste zati bat kooperatiban berrinbertituko du, autofinantziazioa izan dezan, proiektu berriak martxan jartzeko.
«GoiEnerrek egindako kalkulu erreal baten arabera, sei urte eta erdian amortizatuko litzateke egindako gastua, jaso daitezkeen dirulaguntzak kontutan hartu gabe; eta plakek 30 urte irauten dute. Beraz, aurrezkia izugarria da», dio Ingurumen zinegotziak.
«Autokontsumo partekatuarekin, saiatzen gara gure energia kontsumoaren heren bat elikatzen. Dena den, ez da gauza bera etxebizitza baten kontsumo profila, denda batena, aholkularitza bulego batena, ikastetxe batena edo enpresa batena. Oso aldakorra da, eta lortzen den aurrezkia handiagoa edo txikiagoa izan daiteke», azaldu du GoiEnerreko zuzendariak.
500 metroko erradio hori da muga, bazkideek onura ekonomikoa jasotzeko; eta horregatik, herriko puntu ugari dauzkate aztertuta plakak jartzeko, ahalik eta eremu handiena hartzeko: Haurreskola, Ereñotzuko frontoia, Langile ikastola, Elizatxo ikastola, udaletxea...
Baina kokapena, plaka kopurua... erabakiko dute bazkideen arabera: «azkeneko bileretan gabiltza, eta jendea oso ilusionatuta dago. Asmoa da ekainaren bukaeran amaitzea azterketa, eta aurkezpen publiko bat egitea. Eta hortik aurrera, bazkideak lortzea izango da hurrengo pausoa, oso garrantzitsua. Uste dugu, hasieran 250 bazkide lortuko ditugula, eta proiektuak garatzen goazen heinean, gehiago batuko direla», kontatu du Mattin Aldaiak. Bazkide bakoitzari, inbertsio minimo bat eskatuko diote, 10 eurokoa, sortutako energiaren hobariekin berehala berreskuratuko duena.
«Komunitatearen bidez, lortzen da kasu askotan posible ez dena», azpimarratu du Santi Ochoa de Eribek: «bizi bagara etxebizitza bloke batean, ezin dugu gure pisuan horrelakorik sortu; baina komunitatearen bitartez, garatu dezakegu proiektua, plakak herriko beste kokapen batean jarrita, eta horiekin sortutako energia gurera bideratuta, fakturaren bitartez. Komunitateak ematen digun indarra, da aprobetxatzea herrian dauzkagun baliabideak (ekonomikoa, instalazioak, jakintza...), bideratzeko norbanakoek bere kabuz egin ezin dituzten gauzak».