Basquelandek 2021eko Garagardogile Onenaren saria jaso berri du

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 3a, 00:00

232 garagardogilek hartu dute parte; eta denera, 1.167 garagardo aurkeztu dira. Basqueland garaile izan da, 32 punturekin eta 9 dominekin.

Bartzelonako 2021 Beer Challenge txapelketan 2021eko Garagardogile Onenaren aitortza jaso du Hernaniko Basqueland Brewing garagardotegiak. Aurtengoa VIgarren edizioa izan da, eta 32 punturekin, lehenengo postua irabazi du Basquelandek. Nazioarteko sariketa batean inoiz eman den puntuazio haundiena jaso dute. Aurten, gainera, 232 garagardogilek hartu dute parte, eta lehiaketara, denera, 1.167 garagardo aurkeztu dira. Guztien artean, Basqueland gailendu da; eta aipatutako puntuazioaz gain, 9 domina ere irabazi ditu.

 

600.000 euroko kapital haunditzea, azken 2 urteetan

1,2 milioi litrora heltzeko helburuz, euskal garagardogileak 600.000 euroko kapital-haunditzea egin du azken bi urteetan. Horrekin, bere independentzia eta artisau izaera mantentzearen aldeko apustua berretsi du. Inbertsio horri esker, datozen bi urteetan Basquelandek ekoizpen-nabe berri bat prestatuko du. Modu horretan, 2021ean 650 mila litro ekoitziko baditu, 2023an 1,23 litro ekoiztera pasako da.

Bailaran ez ezik, lurraldera eta nazioartera ere esportatzen ditu garagardoak. Pixkanaka egin du bidea, eta egindako lanak fruituak eman ditu. Besteak beste, 2019an, EAEn 1,5 milioi litro artisau ekoitzi ziren; eta, horietatik, 402.000 litro Basquelandek ekoitzi zituen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!