Gaztelekuak udararako egitaraua prestatu du

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 3a, 00:00

Ekainaren 22ra arte eman daiteke izena Gaztelekuan bertan. Ekainaren 28an hasiko dira ekintzak eta uztailaren 23ra arte luzatuko dira.

Hernaniko Gaztelekuko hezitzaileek, urtero bezala, 12-17 urteko gazteentzat uztailean zehar egingo dituzten ekintzak prest dituzte. Hauek burutzeko garaian, egungo egoera kontuan eduki dute eta segurtasun neurri bereziak dituzte aurten ere.

Ekintzetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da eta atzo ireki zen epea eta ekainaren 22ra arte egin daiteke Gaztelekuan. Horretarako Gaztelekuko izen emate orria eta Covid protokoloaren baimenak ekarri beharko dira, guraso edo tutoreak sinatuta (Gaztelekuan bertan edo sare sozialetako perfileko linkean izango dituzue eskuragarri).

Gazteak errutinatik ateratzeko, ekintza berriak proposatzeko eta ondo pasatzeko zenbait ekintza proposamen egin dituzte Gaztelekutik, ekainaren 28tik (astelehena) uztailaren 23ra bitarte (ostirala): arte tailerra, Santa Klara uhartera irteera, Surf ikastaroa, igerilekua, eskalada ikastaroa...

 

5 euroko fidantza eta B plana prestatu dira

Ekintzetan parte hartu ahal izateko, aldez aurretik 5 euroko fidantza jarri beharko da (Gaztelekuan eman behar dena) eta  fidantza hori apuntatutako ekintza guztietara etorritakoan itzuliko da. Izena emadako ekintzaren batera ez etortzekotan, fidantza galdu eta hurrengo ekintzetan lehentasuna galduko litzateke.

Eguraldiak ez badu laguntzen, ekintzaren arabera B plana edo beste ordezko ekintza bat burutuko lukete eta hori Gaztelekuko mugikor bitartez jakinaraziko da (688 82 34 20).

Ekintza batzuen kasuan, adin-tarte jakin bateko gazteek lehentasuna izango dute (ekintzen xehetasunetan dago zehaztua). Gainera, lehen esan bezala, babes neurri bereziak dituzte eta horietako bat aforo murriztua da. Plazak izenemate ordenaren arabera gordeko dira eta Hernanin bizi diren gazteek lehentasuna izango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!