Aurten ere ez dira ohiko San Joanak egingo

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 3a, 00:00

Pasa den urtean bezala kultur ekitaldiek izango dute protagonismoa.

Indarrean dauden segurtasun neurriak direla eta, ohiko jairik ez da izango eta, iaz bezala, kultur jarduera batzuk egitea adostu du San Joanetako Jai Batzordeak. Preludioa ere bertan behera gelditu da aurten.

Iazko San Joanak bertan behera gelditu ziren COVID-19ak sortutako pandemia dela eta. Urtebete igaro da eta osasun egoera ez da bere onera itzuli. Horren ondorioz Udalak erabaki du aurten ere San Joanak ez ospatzea ohiko moduan.

«Egungo egoerak gaur gaurkoz ez du bermatzen jaiak kalean beharrezko segurtasunarekin ospatzea eta, hori kontuan hartuta, aurtengo San Joanak eta preludioa ere bertan behera uztea erabaki du San Joanetako Jai Batzordeak. Hala ere, iaz egin zen bezala, kultur eta aisialdi eskaintza bat jarriko da hernaniarren eskura», gaineratu du Hernaniko Udalak.

Pandemiaren hasieratik egin den bezala, antolatuko diren jarduera guztietan aforoa eta segurtasuna bermatuko da, jende pilaketak saihesteko.

 

Chillida Lekun Udako solstizioa, ekainaren 20an

Datorren ekainaren 20an, urtero bezala, Chillida Leku museoan udako solstizioaren ospakizuna egingo da. Aurtengoan, Doos Colectivoren Gorpuztu dantza garaikideko ikuskizuna eskainiko da, eta museoak eta Hernaniko Udalak duten elkarlanari esker, hernaniarrek sarrerak ohi baino merkeago eskuratu ahalko dituzte; 15 euroan, alegia. Emanaldia 20:00etan hasiko da. Prezio horretan, guztira, 100 sarrera jarriko dira salgai Biteriko leihatilan ekainaren 14tik aurrera (09:00-13:00/ 16:00-21:00).

Gorpuztu dantza garaikideko ikuskizuna da, zuzeneko musika du, eta oreka bilatzeari buruz hitz egiten du. Lasai egoteko, zarata isilarazteko, karga eta errua arintzeko, animaliak lasai lo egiten duen lekua aurkitzeko borroka da. Zenbait erlijiotan gorputzak une jakin batzuetan duen erabilerari buruzko ikerketa batetik sortzen da. Gorpuztu jaio zen, gorputza hainbat zatitan banatuz, otoitz garaian mugimendu ekintzak behatuz eta hainbat erlijiotan agertzen diren errua, penitentzia, transzendentzia eta sumisioa kontzeptuak ikutuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!