Eibarren aurka gailendu ostean, hirugarren mailara igoera lortzeko gertuago daude hernaniarrak

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 1a, 00:00

Mikel Lizarazu larunbatean, Zubipen, Eibarren aurkako norgehiagokan.

Manex Iradiren bi golekin, 0-2 irabazi zuen Hernanik, Eibarren aurkako norgehiagoka. Jubenilen Nazional mailako taldeak 0-1 irabazi zion Indartsuri, eta matematikoki ia salbu da. Euskal Ligan, 0-2 galdu zuten Oiartzunen aurka.

Emozioz betetako asteburua izan da hernaniarrentzat. Ohorezko Erregional mailako taldeak Eibarren aurka 0-2 irabazi zuen Zubipen, hirugarren mailara igotzeko finalerdiko joaneko partidua. Bere aldetik, Jubenil Nazional mailako taldea 0-1 gailendu zen Indartsuren kontra, kategorian mantentzeko denboraldiko jardunaldi garrantzitsuenean. Bere aldetik, Euskal Ligako taldeak 0-2 galdu zuen Oiartzunen aurka.

Ohorezko Erregional mailan, Eibarren aurkako partidua irabazita, asteburu honetan erabakiko da hirugarren mailara igotzeko finalerdia zein taldek jokatuko duen. Eibar, Hernani, Beti Gazte eta Añorgaren artean dago lehia.

Jubenilak, ia salbu

Andoni Loranen mutilek Nazional mailan mantentzea lortuko dute, Cultural de Durangok Alavesen aurka galtzen badu, gaur. «Cultural de Durangori soilik balio dio hiru puntu lortzea eta irabazteak; berdindu edo galtzen badute, matematikoki mailari eutsiko diogu», kontatu du Loran entrenatzaileak. Hernaniarrek 0-1 irabazi zuten asteburuan, Indartsuren aurkako norgehiagoka, Oyarbideren golarekin. «Partidu gogorra izan zen, baina taldeak oso ondo irakurri zuen aurkaria, eta oso ondo asmatu zituen izandako aukerak. Gola sartuta, tentsio haundia sumatu zen zelai barruan; baina epaileak amaiera adierazi zuenean, izugarri ospatu genuen garaipena. Bidea ez da erraza izaten ari, baina maila mantentzea lortuko dugu».

Hain zuzen, igandeko norgehiagoka irabazita, zaila dute gainerako taldeek hernaniarrak harrapatzeko; «gelditzen zaizkien partidu guztiak irabazi behar dituzte eta guk, berriz, denak galdu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!