Herrilur izeneko elikadura kontsumo talde berri bat sortu da Urumea bailaran

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 31a, 00:00
Herrilur izeneko elikadura kontsumo talde berria sortu da, Hernanin.

Lehen sektorearen gainbeherak eta elikadura menpekotasunak eragiten duten kezkatik abiatutako egitasmoa da Herrilur. Egitasmoa aurkezteko bi hitzaldi antolatu dira, ekainerako. 

Herrilur elikadura kontsumo talde berri bat sortu da Hernanin. Egitasmo hau, lehen sektorearen gainbeherak eta elikadura menpekotasunak eragiten duten kezketatik abiatuta dago, elikadura burujabetzan oinarrituta, batik bat. 

Hernanin sortu berri den ekoizle elkartearekin batera, elikaduraren balio kate osoa, etenik gabe, herrian bertan garatzea da Herrilurren helburua; «esan nahi baita, Hernanin bertan ekoitzi, eraldatu, banatu eta kontsumitzea». 

Elikadura oinarrizko behar izana dela ziurtatu dute taldekideek, eta honen harira aipatu dute, hau modu egokian asetzeko gaitasuna garatu nahi dutela; «elikagai ez osasuntsuak eragiten dituzten osasun arazo larrien aurrean beste planteamendu eta alternatiba batzuk eskainiz. Egunetik egunera okertzen ari zaigun ingurumenari arnasa eman, esku hartze ekologikoak bultzatuz eta burujabetzarako bidean, urrutiko ekoizpen egiturarekiko eta elite ekomikoekiko menpekotasunari aurre eginez». 

Bide horretatik, beharrezkoa dute komunitatea «indartzea eta ahalik eta jendetsuena izatea». Egitasmoaren emaitza, oraindik definitzeko dagoen komertzio batean islatzea da asmoa, «non herriko lehenengo sektorekoen produktuen salerosketa bermatuko den». Egitasmo horretan, Hernaniko hainbat ekoizle eta kontsumitzaile elkartu eta herrira zabaltzeko unea iritsi dela adierazi dute. 

Hori kontutan izanik, herritarrei egitasmoa aurkeztu eta Herrilur elkarteko kideak batzeko asmoarekin, hainbat hitzaldi egingo dira eta herritarrak bertaratzea eskatu dute. 

Lehen hitzaldia Jakoba Errekondoren eskutik izango da, Bertako sasoiko eta ekologikoak diren produktuak kontsumitzearen garrantzia gaia landuko du. Ekainaren 3an izango da, arratsaldeko 19:00etan, Iturolan. 

Bigarren hitzaldia berriz, Oarsoko Labore eta Igeldoko IKO esperientzien kontakizunak izango dira, ekainaren 16ean, arratsaldeko 19:00etan, Iturolan. 
Elkarteko kide izateko, edo informazioa jasotzeko, idatzi info@herrilur.eus helbide elektronikora.    

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!