2021eko aurrekontuari 3,2 milioi euro erantsi dizkio Hernaniko Udalak, gerakinetik

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 29a, 00:00

EH Bildu eta Orain Hernaniren aldeko botoekin erantsi dira, eta PSE-EE eta EAJ abstenitu egin dira. 2,5 milioi euro inbertsioetara bideratu dira.

2021eko au­rrekontuari 3,2 milioi euro erans­teko proposamena onartu zen astearteko Plenoan, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-O­rain Hernaniren aldeko botoekin. EAJ-PNV eta PSE-EE abstenitu egin ziren. Iazko aben­duan, 2021eko aurrekontua onartzean, oinarrizko zerbitzuak mantentzeko apustua egin zuen Udalak, murrizketarik aplikatu gabe. Au­rrekontuan egin beharreko murrizketak inbertsioen atalera mugatu ziren. Hori ikusirik, «gerakina inbertsioen atalera bideratzea ikusi dugu egokiena».

Horietatik 2.542.000 euro in­bertsioetara bideratuko dira. Bi­teri kultur etxeko ipar blokean, energia aurrezteko eskuhartzeak (lehioak aldatu eta hormak isolatu), 600.000 euro. Portu-Karabel lotzen dituen pasabidea egiteko, 264.000 euro. Floridako bidearen proiektua eta desjabetzeak egiteko, 250.000 euro. Kaleak eta landa bideak asfaltatzeko (Lizeaga, Txirrita, Atzieta, Orkolaga eta Erroilaburu-Añua, besteak beste), 330.000 euro. Hobekuntzak ur-horniduran eta saneamenduan, 297.500 euro. Ikastetxeetan inbertsioak, 160.000 euro. Irisgarritasuna hobetzeko obrak, 75.000 euro. Kale argiterian hobekuntzak, 103.000 euro. Proiektu teknikoak, 140.000 euro. Beste inbertsioak (auzoetako markesinak, hainbat kaleren zoruak aldatzea, Karabeleko igogailuaren pasarela aldatzea besteak beste), 193.000 euro. Mendi lurren erosketa, 50.000 euro. Nekazaritzarako lurren erosketa, 80.000 euro. Eta energia arloan, Energia Jasangarriaren Komunitatea sustatzeko hasierako ekarpen gisa, 300.000 euro.

 

Inbertsioez gain, 139.500 euro haundituko dira dirulaguntzak

Hernaniko kirol klubak, pandemiaren ondorioz, diru sarrera gutxiago izaten ari dira eta horregatik urteko dirulaguntzen kopurua 31.500 euro haundituko da. Hutsik dauden lokaletan berriro merkataritza jarduerak egon daitezen dirulaguntzetarako, 50.000 euro. Kultura arloan, ekintza gehiago egiteko hitzarmenak sinatuko dira Chillida-Leku museoarekin eta Geuretik Sortuak proiektuarekin: 58.000 euro.

 

Gerakinean 1.150.000 euro gordeko dira

Gehitu gabe geldituko lirateke gerakinaren 1.150.000 euro. Bi arrazoi nagusi daude horretarako Udal Gobernuaren arabera: «diru hori aurrekontuari gehitu ahal diogu nahi edo behar dugunean eta egungo egoera ezegonkorra da, etengabe ari gara aldaketak kudeatzen eta zuhurtziaz jokatzea dagokigu».

Elkarrekin Podemos-Orain Hernani alde agertu zen eta pozez hartu zuen mendietako lurrak erosteko erabakia, kontuan izanik «Ereñotzuko auzotarrek erakutsi duten kezka eukaliptoa nola ari diren landatzen». PSE-EE abstenitu egin zen. «Proposamenak beharrezkoak dira. Lokalak alokatzeko dirulaguntzen oinarriak ez dakizkigu. Asfaltatze lanak oso beharrezkoak dira  eta Udalbiltzari dirulaguntza ematen zaio eta ezaguna da gure iritzia eta jarrera Udalbiltzari buruz», azaldu zuen Ricardo Crespok.

EAJ ere abstenitu egin zen eta Andoni Amonarraiz bozeramaileak bere erabakiaren arrazoiak eman zituen: «EH Bilduk proposatutako partidetako bat bakarrik kendu eta beste batzuen zenbatekoak aldatu nahiko genituzke, proposamenen zati bat urtebete atzeratuz. Planteamendu horrekin, eta egin dituzten kalkuluak egokiak ez badira ere, gorde dituzten 1,3 milioi euroak murriztuta, eta 390.000 eurotan utzita, Hernaniko kirol-klubek egindako eskaera asko, ia guztiak, konpon zitezkeen. EH Bilduk ezetz esan zien guztiei». EAJk hainbat proposamen egin zituen kirol kluben beharrak hobetzeko.

Aho batez onartu zen Musika Eskola publikoko zuzendaritza taldea berritzea; onartu zen Joxe Mari Azurmendi beka martxan jartzea; Hernaniko lanpostu zerrendan aldaketa ere babestu zuten zinegotzi denek; KPIaren 0,9ko igoera onartu zen; eta udal eraikinen garbiketa zerbitzuaren lizitazioan zigorra ezartzea eta debekua ezartzea ere bai.

Hilekoaren inguruko pobreziaren erradikazioak eztabaida sortu zuen

Mozioei dagokionez, aho batez babestu zen Kolonbia eta Palestinako herriei elkartasuna adieraztekoa. Energia iraunkortasun legea betetzeko udalek behar duten finantzazioaren inguruko mozioak ere babes osoa jaso zuen, kalean dauden pertsonen eskubideak defendatzeko mozioak bezala.

Eztabaida sortu zuen mozioa hilekoaren pobreziaren erradikazioaren inguruan izan zen. Puntuz puntu bozkatu zen Ahal Dugu Podemosen mozioa. Bost puntuetatik bi ez ziren onartu, Udal Gobernuak komunak egokitzea  eta doako dispentsadoreak jartzea. EAJk aurka bozkatu zuen eta Podemos eta PSE-EEk alde. EH Bildu abstenitu egin zen bi puntu hauetan. Beste hirurak onartu ziren. Aho batez Espainiako Gobernuari BEZ murriztua aplikatzeko eskaera, eta EAJren aurkako botoekin, baina beste guztien aldekoarekin: Eusko Jaurlaritzak azterketa erreala bat egitea gaiaren inguruan eta Udal Gobernuak sentsibilizazio kanpaina martxan jartzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!