Bihar, trinkete txapelketako finala

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 29a, 00:00

Ariane Arrieta hernaniarra, Hernaniko frontoian.

Irazustabarrena, Huizi eta Arrieta Su-Berriren aurka arituko dira, Ametsa trinketan, Iruran, 10:30etatik aurrera.

Asteburu intentsoa izango da palista hernaniarrentzat gaurtik hasita.­ Bihar, Trinketeko Gipuzkoako Txapelketaren emakumezkoen paleta argentinarreko finala jokatuko da, 10:30etan, Iruran. Ametsa trinketean neurtuko dituzte indarrak Amaia Irazustabarrenak, Ariane Arrietak eta Maider Huizik, Su-Berriren bikotearen aurka.  Hiru aukeretatik, bi palistek jokatuko dute eta bestea ordezkoa izango da. Galdos eta Mendizabal bikotea izango dute aurrez aurre hernaniarrek. 

Bestalde, beste hainbat norgehiagoka ere izango dira asteburuan, eta zenbait hernaniarrek jardunaldi bat baino gehiago jokatuko dute bi egunetan. Hain justu, Espainiako trinkete paleta argentinarreko semifinalak izango dira gaur. Mendillorrin jokatuko dira, Iruñean, eta bertan izango dira Hernaniko pelotariak. Irazustabarrena, Arrieta eta Huizik, horietako bik, Oberenaren kontra neurtuko dituzte indarrak. Gaur goizean izango da finalerdia, 09:00etan. Beste finalerdia Errekaleor eta Su-Berriren artean jokatuko da, Mendillorrin, baita ere.

Udaberri Txapelketa, Alegin

Gomazko paletan, neska jubenilen Udaberri Txapelketako jardunaldia jokatuko dute gaur. Intxurreren aurka neurtuko dituzte indarrak palista hernaniarrek, Elorri frontoian, 10:30etan partidua hasita. 

Bere aldetik, gomazko paleta banaka 7 barruan, 2garren mailan, Arandia hernaniarra Batzokiko Aranbururen kontra arituko da. Gaur jokatuko da partidua, etxean, arratsaldeko 16:00etan. 

Osasun egoera dela eta, partidu guztiak ateak itxita jokatuko dira; eta, beraz, ikusleek ez dute aukera izango frontoira sartzeko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!