Aldaketa sozial garrantzitsuak gertatu dira pandemiaren krisiaren harira. Azken urte honetan, agerian geratu dira pertsonon jarrera eta behar asko. Baina gizartea aldatu da, edo modu konsziente batean, lehen garrantzi gutxiagoa zuenari merezi duen garrantzia ematen hasi gara?
Egoera honek, mahai gainean jarri ditu elementu eta faktore asko, horietako esanguratsu bat ezjakintasuna izan da. Hots, gure aurrean zer gertatzen zen jakiteko beharrezko informazioa ez dugu izan, eta orduan konturatu gara guk geuk kontrolatu ezin izan dugun zerbaitek gure bizitzak astindu eta hankaz gora jarri duela.
Bistan da egoera benetan lazgarriak antzeman direla, baina, ahal den neurrian, horiei erantzuteko bideak ere. Harreman eta sare komunitarioak piztu dira modu aktibo batean eta, aukera berriak sortu dira, izan ere, krisi hau kontzientzia kolektiboa piztuarazteko baliagarria izan da.
Oro har, norberak bere zilborrean pentsatzen duen garai honetan, modu kolektiboan erantzuteko beharrari merezi duen garrantzia ematen hasi gara eta, ondorioz, etorkizun berri bat errotzeko atea zabaldu dela onartu beharra dago: batetik, gure jarrera indibidualistak desikasteko; eta, bestetik, daramagun bizimodu jasanezinaz ohartzeko.
Zuriñe Mindegia
Gizarte langilea eta hezitzailea
Hernaniko Elkarlan Sorgunea
Iturola.eus
Florida Auzoa,28 - 20120 Hernani