Saskibaloiko ate irekiek beste hiru saio izango dituzte, igande goizetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 29a, 00:00

11 eta 14 urte artekoentzat antolatu dituzte, eta ekainaren 13an izango da azkeneko saioa. Bihar, parte hartzeko aukera izango da, 09:30etan.

Hernaniko saskibaloi taldeak ate irekiak antolatu ditu gazte hernaniarrentzat. Apirilean hasi zituzten saioak, eta amaitzear daude. Hain justu, datorren ekainaren 13an dute azkenekoa. Igandero egin dituzte jardunaldiak, herritarrek kirol hau ezagutu dezaten; eta, animatuz gero, datorren denboraldian parte hartzera taldean.

Parte hartzeko, beharrezkoa da aurretik izena ematea: 688 688 138 edo 688 608 095 telefono zenbakietara deituta; edo, hernanisaskibaloia1990@gmail.com emailera idatzita.

Bihar goizean, kiroldegian

Deialdia 11 eta 14 urte arteko herritarrentzat dago zuzenduta eta bihar ere izango da saskibaloiko ate irekietan parte hartzeko aukera. Ohi moduan, 09:30etan elkartuko dira, kiroldegian, eta saioak ordubete edo ordu eta erdikoak izango dira, gehienez.

Bestalde, antolatzaileek azaldu dutenez, orain arteko saioek «arrakasta» izan dute; izan ere, datorren denboraldian mutilen taldea osatzea lortu dute. Dena den, nesken taldea egotea ere gustatuko litzaieke eta, beraz, herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete.

Jardunaldietan, saskibaloiaren nondik norakoak ezagutuko dituzte, eta gainerako parte-hartzaileekin, kirola egin eta goiz dibertigarria izateko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!