Hernanin aurreneko aldiz Euskal Herriko lur gaineko txapelketaren jardunaldia jokatuko da

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 29a, 00:00

Gaztediko tiralariak txapeldun geratu dira 680 kilotan. Argazkia: Egur Sport.

Atletismoko pistan gaur, 17:00etatik aurrera Euskadiko sokatira talderik onenak ariko dira tiraka, 640 kilotan pisu honetan jokatzen den bigarren jardunaldian. Ikuslerik gabe izango da.

Euskal Herriko lur gaineko sokatira txapelketaren jardunaldi bat jokatuko da lehenengo aldiz Hernanin gaur, 17:00etan hasita. Atletismo pistaren zelaiaren erdian bilduko dira zazpi talde 640 kiloko mutilen txapelketari dagokion bigarren jardunaldian.

Hernanin ez dago talderik, baina bertan ariko dira tiraka ondorengo talde hauek: Gaztedi A, Goiherri, Mutriku, Akelarre, Gaztedi B, Getxo eta Gaztedi C. 

Aurreko larunbatean ekin zitzaion txapelketari pisu honetan eta Gaztedi Ak hartu zuen aurrea zazpi punturekin. Bere atzetik sailkatu ziren Goiherri (sei puntu), Mutriku (lau puntu), Akelarre (lau puntu), Gaztedi B (lau puntu), Getxo (bi puntu) eta Gaztedi C (puntua). 

Denak denen aurka aritzen dira eta azken urteetan gertatu den bezala talde bizkaitarrak dira indartsuenak eta faborito.   640 kiloko azken jardunaldia gaur zortzi amaituko da Laukizen. Gaztedi A eta Goiherriren arteko borroka espero da. Azken urteotan Gaztedik Goiherrik bere garaian izan zuen nagusitasuna apurtu zuen. Gaztedi Laukizekoa da eta etxean jantzi dezakete txapela datorren astean. Goiherri Erandoko taldea da. 

640 kilokoaren aurretik, 680 kiloko txapelketa jokatu zen maiatzeko lehenengo hiru asteburuetan eta Gaztedi Ak jantzi zuen txapela. Oraingo honetan ere beraiek dira faborito nagusiak. 

Gaztedi C taldea bederatzi neskek osatzen dute

Gaztedi C nesken taldea izango da, eta zortzi tiralari izan beharrean bederatzi neskek osatzen dute soka. Akelarre taldea ere bizkaitarra da eta hauek ere erandiotarrak dira. Beraz Mutriku da talde gipuzkoar bakarra eta bizkaitarra ez den taldea.

Hernanin inoiz ez da Euskal Herriko sokatira txapelketarik jokatu, ez lur gainean ez eta neguan izaten den goma gaineko txapelketan ere. Gaurko jardunaldia aproposa zen kirol hau gertutik ezagutzeko, baina Euskadiko Federazioak gogoratu du ezin dela jenderik sartu atletismo pistan txapelketa jarraitzera. Ikuslerik gabe jardungo dira tiratzaileak. 

Irailan Munduko lur gaineko Txapelketa, Getxon jokatuko da

Bestetik, azpimarragarria da aurten Getxo izango dela Munduko Sokatira Txapelketaren egoitza, Tug of War, bere nazioarteko izendapenean, lur gaineko modalitatean, 2021ko irailaren 15etik 19ra. Gainera kirol bakanetakoa da, gaur egun bakarra ez esatearren, Munduko Txapelketan Euskal Herriak parte hartzen duena. Nazioarteko federazioak onartua du Euskal Herria.

Lau egunez Getxo sokatiraren munduko hiriburu bihurtuko da. Taldekako txapelketak hartuko ditu, baita kontinente guztietatik iritsitako selekzio nazionalen Munduko Txapelketa ere. Mundial hauetara 1.500 kirolari inguru etortzea espero da. Txapelketa hau antolatzea aukera ezin hobea da herri mailan sokatiraren zenbait alderdi hobeto ezagutzeko, hala nola, bere teknifikazioa eta sustatzen dituen balioak.

Hernani Gipuzkoako txapeldun, 1964 urtean

Nahiz eta gaur egun Hernanin eta bailaran talderik ez egon, Hernanik badu bere historia sokatiran: 1964garren urtean Gipuzkoako txapeldun geratu ziren Hernaniko tiralariak talde indartsuena zela erakutsiz. 





Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!