Gaur jokatuko dute afizionatu mailako finala, Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 28a, 09:30

Aritz Murgiondo hernaniarra ariko da, Irazurekin batera, Loitegi eta Goikoetxearen kontra. Arratsaldeko 19:00etan izango da, baina ikuslerik gabe.

Gaur jokatuko dute Galarretako Pelota Eskolako Torneoaren finala, Galarretan. Arratsaldeko 19:00etan izango da, eta txapelaren bila ariko da Aritz Murgiondo hernaniarra, Irazurekin batera. Aurrean izango dituzte Loitegi eta Goikoetxea. Ikuslerik gabe jokatuko da partidua, txapelketa osoa bezala. Joan den astean ziren jokatzekoak, baina min hartuta zegoen Irazu, eta atzeratu egin zuten. Aurrelaria osatuta, gaur jokatuko dute.

Ligaxkan, Loitegi eta Goikoetxea nagusitu ziren, Irazu eta Murgiondoren kontra (40-34). Baina lauek diote, bestelakoa izango dela finala. «Gero eta hobeto aritu gara gu», nabarmendu du hernaniarrak: «ligaxkan elkarren kontra aritu ginenean, kosta egin zitzaigun erritmoa hartzea. Baina orain, uste dut sasoi hobean nagoela ni, eta txapelketak aurrera egin bezala gora egin dudala. Ezberdina izango da finala».

Loitegi urnietarra saihesten saiatuko dira haiek, bera izan baita txapelketako onena, orain arte. Dena den, semifinalean ez ziren eroso aritu, Loitegik berak azaldu duenez: «sakearekin min egin ziguten. Ez da final erraza izango, baina espero dugu garaipenekin jarraitzea. Jokoan sartuz gero, uste dut min egin dezakedala».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!