Odol emaileei dominak banatzeko zita bihar, Joxe Ramon Beroiz gogoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 28a, 00:00

Emakume bat odola ematen, Goiz Eguzkin, maiatzeko hitzorduan.

12:00etan banatuko dizkiete dominak eta diplomak, Biterin, kopuru borobiletara iritsi direnei.

Hitzordu berezia izango dute bihar, Hernaniko Odol Emaileen Elkartekoek: Biterin elkartuko dira, eguerdiko 12:00etan, odol emate kopuru borobiletara iritsi diren herritarrei dominak eta diplomak banatzeko.

Zehazki, 15 herritar izango dira, errekonozimendua jasoko dutenak, Biteriko areto nagusian. 80 odol emateetara iritsi izana eskertuko diote Manuela Ruiz Granderi; 75  estrakzioetara iritsi da Joseba Gorrotxategi Miner; eta 60 odol emateen langa gainditu du Ana Gloria Ugalde Urruzolak. 50 odol ematerekin, errekonozimendua jasoko dute Jesus Gallego Lopezek eta Miguel Simon Uguet de Resayrek. 25 odol ematerekin, berriz, honakoak omenduko di­tuzte: Esther Abad Lizarraga, Jesus Ignacio Alfonso De La Iglesia, Tomas Apaolaza Eizaguirre, Victor Canales Urrosolo, Mikel Corcuera Retegi, Pedro Jose Duroudier Olazagirre, Juani Gomez Moreno, Ainhoa Herrera Bullon, Fermin Iglesias Arnedo, eta Juan Angel Tejedor Yañez.

Haiei guztiei, joan den urtean banatu behar zizkieten dominak eta diplomak, baina bertan behera geratu zen urteroko bazkaria, pandemiagatik; eta aurten, bazkariaren ordez, ekitaldia antolatu nahi izan dute, erre­konozimendua egiteko.

Eta ekitaldian, gogoan izango dute Joxe Ramon Beroiz ere, urtetan Hernaniko Odol Emaileen delegatua izandakoa, eta joan den urtean hil zena.

Hurrengo odol ematea, datorren asteartean

Odola emateko hurrengo hitzordua ere, gertu daukate hernaniarrek. Datorren asteartean izango da, 16:30etatik 20:30etara Goiz Eguzkin. Eta ohi bezala, astearte goizean zehar hartu behar da hitzordua, 943 00 78 84 telefonora deituta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!