Ezberdina bezain berezia izango da Txalaparta Festa gaur, Eneko Abad zenaren omenez

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 28a, 00:00

Txalaparta doinuak bueltan izango dira gaur Hernanin, Txalaparta Festarekin.

Emanaldi batekin ospatuko dute Biterin, 19:00etan hasita. 2019an hil zen Sestaoko txalapartaria, eta bereak dira hitz hauek: «nire bizitzako momentu ederrenen artean daude, Hernaniko Txalaparta Festan igarotakoak».

Ez da txalaparta doinurik gabe geratuko Hernani, bigarren urtez jarraian: ezberdina izango bada ere, Txalaparta Festa antolatu du 'Hernani' Musika Eskola Publikoko Ttakun Ttan Ttakun taldeak. Gaur ospatuko dute, emanaldi batekin, arratsaldeko 19:00etan hasita Biterin.

Baina ezberdina bezala, berezia ere izango da aurtengoa: Eneko Abad izango dute gogoan. 2019an hil zen Sestaoko txalapartaria, bere herriko Txalaparta Eskolaren motorra zena; eta haren omenez egin nahi izan dute aurtengo Txalaparta Festa. Izan ere, oso kuttuna zuen Abadek berak, Hernaniko Txalaparta Festa, azpimarratu izan zuenez: «bihotzetik sortutako hitzez adierazten dut, eta zin dagizuet idazteak ere hunkitu egiten nauela. Nire bizitzako momentu ederrenen artean daude Hernaniko Txalaparta Fes­tan igarotakoak».

Bertsolariek emango diote hasiera emanaldiari, eta bideo proiekzio labur bat eskainiko dute ondoren, Eneko Abadi eskainitakoa: Eskerrik asko Eneko. Eta hortik aurrera, txalapartariak igoko dira taula gainera: Goikoetxeatarrak eta Zuaznabartarrak, Ttakun Ttan Ttakun, Oreka TX, Kimu taldea, eta Sestaoko Txalaparta Eskola.

Gonbidapenak eskuratzeko, posta elektronikoz

Emanaldiaz gozatzeko, emailez eskatu behar dira gonbidapenak, txalapartafesta@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!