Herri mugimenduentzat formakuntza, bihar

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 28a, 00:00

Hirugarren saioa egingo dute Iturolan, herri mugimenduei buruzko jardunaldien barruan, goizeko 10:00etan hasita.

Bihar egingo dute hirugarren sa­ioa, Herri mugimenduak... eta Hernanin... zer? izeneko jardunaldien barruan, Ipes, Bakea eta Duintasuna, eta He­rriok Bat elkarteek antolatuta. Iturola elkarlan sorgunean izango da, goizeko 10:00etatik 14:00etara.

Eta oraingoan, landuko dituzte herri mugimenduak indartzeko garatu daitezkeen prozesu formatiboak, bereziki herri formakuntzan eta pedagogia askatzailean oinarritzen diren proposamenekin. Horretarako, Baserritik Mundura esperientzia ekarriko dute. «Duela urte gutxi Euskal Herrian garatu zen herri formazioaren esperientzia izan zen Baserritik Mundura, non Brasilgo MSTren eskolaren proiektu politiko-pedagogikoaren printzipioak nekazal eremuan eta kideekin partekatu eta aplikatu zituzten. BMko bi edizio garatu ziren, eta esperientzia horien ezaugarriak, elementuak, metodologia eta iturria aztertuko ditugu. Horretarako, gurekin izango ditugu Mirene Begiristain, Beatriz Casado eta Berta Malvárez, BM esperientzia garatu zuen batzorde politiko-pedagogikoko kideak», azaldu dute.

Saio hauekin, «elikatu eta abe­rastu» nahi dute, Euskal Herrian herri mugimenduetatik eta herri mugimenduetarako sor­tzen ari den eskola politiko berri bat, «Hernaniko herri mugimenduko kideekin hausnarketak partekatuz». Horregatik, bertaratu eta parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!