Bihar pasako da Kutxa Bira herriko kaleetatik, euskera erdigunean jartzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 27a, 00:00
Itziar Mujika, Miren Gojenola eta Joxe Elosegi, antolatzaileetako hiru.

Bihar arratsaldean helduko da Kutxa Bira Hernanira, eta herriko kale kantoietatik barrena ibiliko da, euskera presente izan dezagun. Zinkoenean egingo diote aurreneko harrera, eta musikaren eta dantzen laguntzaz, Plazarako bidea osatuko du Kutxak, herriko euskalgintzaren eta gizarte eragileen eskutik.

Aurten ez da Korrikako lekukoa Euskal Herriko txokoetatik igaro. Iaz ez zen izan Herri Urrats, ez Nafarroaren Eguna, ez beste hainbat ekitaldi. Gainera, oraindik arriskuan daude Euskal Herriari bizia ematen dioten hainbat kultur ekitaldi.  

Euskal Herriaren artikulazioa, herritarren arteko lokarriak eta ekimenen arteko harremanak sustatzea izan da betidanik Iparra Hegoa elkartearen helburua. Iaz zen ospatzekoa 25garren edizioa, eta ezin izan zuen antolatu. Aurten gauza bera gertatu da; hau da, Iparra Hegoa ezin antolatu. Hori horrela, «Euskal Herria halako ekitaldirik gabe gelditzeak dakarren hutsunea nolabait bete nahian», Bizi Gira Kutxa Bira ekimena antolatu dute Iparra Hegoak eta Bernat Etxepare lizeoak; «Bernat Etxepare lizeotik abiatu zen, eta Argentinaraino hegaldatu, hango euskal diasporak har zezan. Maitasun eta ilusio handiarekin egin zioten harrera, garbi utziz nolako lotura trinkoak ditugun euskaldunek, eta euskera zein lokarri garrantzitsua den itsasoaren alde bateko eta besteko kideentzat», azaldu dute Iparra Hegoatik.

Kutxa Birak irudikatzen du euskerarik gabe ez dagoela euskal herritarren sarea josterik, ez dagoela Euskal Herria eraikitzerik. Amets Arzallusek idatzi du Kutxa Birako mezua, eta argi dio euskeraren zentralitatea zein neurri haundikoa den: «hemen landatu genuen gure hitza, eta landare hartatik sortu zen harreman sare mugagabe bat, orain gure herria deitu dezakeguna, Euskal Herria, euskera eman eta hartzen duen jendea».

Antolatzaileek azaldu dute, Kutxak ez duela hutsunea beteko, «baina Kutxa Biran parte hartuko duten elkarteek eta ekimenek kutxa beteko dute, beren amets eta aldarrikapen mezuekin», adierazi dutenez. 

«Euskerarik gabe ez dago euskal herritarren sarea josterik»

Hernani, Kutxa Birarekin bat

Hernanik ere bat egingo du Kutxa Bira ekimenarekin, eta Hernaniko Errugbi Elkarteak hartu du antolaketaren lekukoa, herriko beste hainbat eragile eta pertsonaren laguntzarekin. Bihar iritsiko da Kutxa Bira herrira, eta arratsaldeko 17:30etan Zinkoenean egingo diote aurreneko harrera Kutxari. Bertatik osatuko dute Plazarainoko bidea, Hernaniko euskalgintzaren eta gizarte eragileen eskutik.

Errugbi Elkartekoek jakinarazi dute oso pozgarria izan dela Kutxa Bira antolatzea: «lana izan da, baina oso modu baikorrean hartu genuen albistea. Pozgarria da, errugbia eta euskera, eskutik lotuta daudela ikustea».

Hernaniko Errugbi Elkartea izan da Hernaniko Kutxa Birako antolatzaile nagusia, baina elkartekoek eskerrak eman izan dizkiete Miren Gojenolari, Euskara Ari Du elkarteari, ekimenean parte hartu duten ikastolei, eta gainerako laguntzaileei, «antolaketan buru-belarri laguntzen egoteagatik». 

«Kutxa Biran parte hartuko duten elkarteek eta ekimenek Kutxa beteko dute mezuekin»

Herriko kaleetan Kutxa Bira, bihar

Lasarte-Oriatik etorriko da Kutxa Bira bihar arratsaldean, eta Zinkoenean egingo zaio ongi etorria. Bertan egongo dira musikariak: adarra joko dute batzuek, beste batzuek trikitia eta panderoa. Eta noski dantzariak ez dira faltako. Zinkoeneako ekintzak amaituta, Kutxa Bira kalean gora garraiatuko dute, musikaren laguntzarekin.

Plaza Berrin, geldialdi txiki bat egingo da, eta hemen ere, herriko ohiturak kontutan izanik, musika eta dantza emanaldi txikiak egingo dira.

Kalean barrena jarraituko du Kutxa Birak, kaleak girotuz, eta euskerak duen garrantzia azpimarratuz. Kale Nagusian barrena, bi eremutan geldialdi bana egingo da. Musika eta dantzak ez dira faltako.

Kale Nagusitik goruntz, Plazara helduko da Kutxa Bira. Izan ere, elizako eskaileretaraino, errugbi jokalariez osatutako pasillo moduko bat osatuko da, eta beste kirol taldeen ordezkariak ere egongo dira bertan. Kutxa Biraren azken geldialdia izango da Plazakoa, eta ez dira faltako txalapartariak, bertsolariak...  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!