Garaipenik ez baina ikasgai aberatsa, Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 25a, 00:00

Euskal Ligako taldeak partidu denak irabazi ditu.

Hernanik ezin izan zuen partidurik irabazi 16 urtez azpiko Estatuko txapelketan CAU, Sant Cugat eta Alcobendasen aurka.

Hernaniko 16 urtez azpiko taldeak esperientzi aberasgarria bizi izan du asteburuan Espainiako 16 urtez azpiko txapelketan. Ez dute garaipenik lortu, baina Estatuko talde indartsuenen aurka jokatu dute eta ikasgai ezin hobea izan da. Sant Boi de Llobregateko Baldiri Aleu zelaian jokatu zen txapelketa eta bere multzoan CAU Valencia, Sant Cugat eta Alcobendas ziren aurkariak. Aurreneko partidua CAUren aurka oso lehiatua izan arren, azkenean bi puntugatik, 10-12, galdu zuten. Bigarren aurkaria Sant Cugat zen eta hauek talde oso sendoa zela erakutsi zuten Hernaniri 0-36 irabazi eta gero. Bi partidu hauek larunbatean izan ziren eta igandean itxi zuten partaidetza Alcobendas madrildarren kontra. Hemen ere ezin izan zuten irabazi eta 7-19ko emaitzarekin agur esan zioten txapelketari.

 

Neskak berriz ere garaipena lortu dute, 38-36

Hernaniko neskek Durangoren aurka 38-36 lortu zuten garaipena Landaren igandean eta denboraldian zehar ez dute oraindik partidurik galdu. Norgehiagoka lehiatua izan zen bi talde indartsuren artean. Durangoko Iara Heredero jokalaria ospitalera eraman behar izan zuten kolpe baten ondorioz.
Amesteko urtea ari dira osatzen Euskal Ligaren barruan trikoloreak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!