Estu eta larri, baina aurrera egin du Hernanik, igoera faseko semifinalera

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 25a, 00:00

Julen Arzak hernaniarra, kontraeraso batean, larunbateko partiduan.

Luzapenean lortu zuen pasea Elgoibarren kontra, 2-3 galduta. Eibarren kontra jokatuko du orain.

Nahi baino gehiago kosta zitza­ion Hernaniri, semifinaletara pa­sea ziurtatzea, hirugarren mai­larako igoera fasean. Joanekoa 0-2 irabazita, bi goleko aldea­re­kin ekin zioten berdeek bueltakoari; baina kanporaketa berdindu zuen Elgoibarrek: 0-2 emaitzarekin bukatu zu­ten partidua, eta luzapena jokatu behar izan zuten. Eta orduan bai, gehiago izan ziren hernaniarrak: bi gol lortu zituzten, Berezi eta Manciren eskutik, eta 2-3 emaitzarekin bukatu zuten. Horrela, berdeek egin dute aurrera, eta Eibar izango dute kontrario, igoerako semifinaletan.

Euskal Ligan, berriz, garaipen haundia lortu zuen Hernanik, Sestao Riverren zelaian 1-4 nagusituta, Lorea, Naroa, Cesia eta Lizasoren golekin. Laugarren postura igo dira horrela, eta hiru puntura daukate Goierri-Gorri, multzoko liderra.


Hurrengo fasera sailkatuta, Mundarro

Garaipen garrantzitsua lortu zuen Mundarrok ere, erregional preferenteetan. 2-1 nagusitu zen Zarkumendegin, Oriokoren kontra. Iñurriren bi golekin eman zioten buelta partiduari, eta hurrengo fasera sailkatu dira.

Azkeneko partidua zuten moreek, lehenengo fasean. Bi taldeek zeukaten jokoan hurrengo fasera pasea: berdinketa nahikoa zuen Oriokok, eta garaipena behar zuen Mundarrok. Hori nabaritu zen hasieratik, eta partiduaren pisua utzi zioten oriotarrek astigartarrei. Pazientziaz landu behar izan zituzten jokaldiak moreek, baloi arriskutsurik ez galtzeko. Aukera bana izan zuten bi taldeek, aurreneko zatian, baina hutsean iritsi ziren atsedenaldira.

Bide beretik jarraitu nahi zuen Mundarrok, bigarren zatian; baina hasi eta berehala, bere atean sartu zuten gola astigartarrek, korner batean. Kolpe gogorra jaso arren, lanean segi zuten moreek, berdinketa lortzeko asmoz; eta partidua bukatzeko 20 minutu falta zirenean lortu zuen aurreneko gola Iñurrik, kontraeraso bikain bati esker. Horrek indarra eman zien moreei, bigarrenaren bila jarraitu zuten, eta laster lortu zuten saria: ordu laurden falta zela, area ertzean jaso zuen baloia Iñurrik berak, eta bigarren gola egin zuen.

Hortik aurrera, defentsan lan ona egin zuen Mundarrok, eta ez zion aukerarik eman Oriokori, partidua berdintzeko. Horrela, moreek lortu zuten hurrengo fasera sailkatzea. Taldeak nabarmendu du, gainera, 31 jokalarik hartu dutela parte aurreneko fase honetan, eta «guztien aportazioari esker» lortu dutela pasea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!