«Eskatu dugu baliabideak areagotzea, kalean dauden pertsonen arretarako»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 24a, 00:00

Biharko Plenoan mozioa aurkeztuko du Orain Hernanik: «pandemiak larriagotu egin du haien egoera, eta baliabideak egokitu behar ditugu».

Kalean bizi diren pertsonen ego­erari buruz, mozioa erregistratu du Elkarrekin Podemos-Orain Hernani udal taldeak, biharko Plenoan eztabaidatzeko. Eta bertan, eskatu du «kalean dauden pertsonei arreta emateko zerbitzuak hedatzea. Pandemiak larriagotu egin du haien egoera, eta beraz, horri aurre egiteko baliabideak egokitu behar dira, pertsona horiek bizitoki eta gizarte arreta egokia izan dezaten. Gizarte mugimenduek eta hirugarren sektoreko erakundeek sistematikoki salatu dute eguneko zentro eta gaueko aterpetxeak bezalako baliabideen falta. Udalerriak dira egoitza zerbitzu horiek emateko betebeharren titularrak, eta ez dira nahikoak izaten ari, gizarte erakundeek adierazitako premiei aurre egiteko», adierazi dute.

Mozioan, udal gobernuari eskatuko diote «plangintza-egutegi bat aurkeztu dezala hilabeteko epean, zabaltzeke dauden gizarte zerbitzuak garatzeko, beharrezkoak diren baliabideak esleituz eta, hala badagokio, eguneko zentroetarako eta kalean bizi diren pertsonen gaueko egoitza baliabideei erantzuteko aurrekontu partida haundituz».

Ordezkaritza daukan udal guztietan aurkeztu du mozioa Elkarrekin Podemosek. «Ebaluazio partehartzailea» egitea eskatu die udalei, gizarte zerbitzuen erabiltzaileekin batera; eta urteko gizarte ekintzako memorien datu kuantitatiboekin, zehaztu dezatela «eskura dauden baliabideen kalitatea, eraginkortasuna eta nahikotasuna, erantzun gabeko erabiltzaileen eskaerak, eta eskura dauden baliabideekin erantzundako eskaeren eraginkortasuna», diote.

Irizpideak eta ekintza zuzena, «erroldatze soziala bultzatzeko»

Mozioan, era berean, udal gobernuari eskatu diote «erroldatze soziala bultzatzeko irizpideak eta ekintza zuzena ezartzea. Hirugarren sektoreko kolektiboen eta erakundeen etengabeko eskaria da, udal mailan martxan jartzea eskatzen dutena, pertsona guztien eskubide eta gizarte prestazioetarako sarbide tresna izan dadin. EAEko udalerri batzuetan dagoeneko jarri da praktikan, modu positiboan».

Gipuzkoako Foru Aldundiari ere luzatu dio eskaerarik, mozioan: «egin dezala etxegabetasunari buruzko diagnostikoa, eta egokitu ditzala baliabideak eta prestazioak, lurraldeak duen egoerara». Eta Eusko Jaurlaritzari, azkenik, eskatu dio «Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategiko berri bat egitea, iraungitako 2016-2019 planari jarraipena emateko», adierazi duenez.

«Pandemiak bereziki jo ditu bizitzeko tokirik ez duten pertsonak. Horregatik, erakundeetatik aurre egin behar diogu errealitate gogor horri, inoiz baino gehiago, eta ahal ditugun giza baliabide eta bialibide ekonomiko guztiak jarri, erronkari behar bezala erantzuteko», adierazi du Elkarrekin Podemosek. Eta salatu du, azken urteotan «murrizketak jasaten» ari direla Euskadiko gizarte zerbitzuak: «horrek oztopatu egiten du herritarrek zerbitzu horiek eskuratzea. Hutsune larriak daude gizarte zerbitzuen arloko legediaren aplikazioan, eta horrek pertsona asko uzten ditu babesik gabe. Legez ezarrita eta bermatuta egon beharko lirateke eguneko arreta zerbitzuak eta gaueko harrera zerbitzuak, Euskadiko udalerri guztietan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!