Hilekoaren higienerako produktu bilketa egingo dute aste honetan, pobrezia menstrualaren kontra

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 24a, 00:00

Hernaniko Todo Todo supermerkatuan egongo dira, asteazkenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara. Eskatu dituzte konpresak, tanpoiak, pixoihalak, toalla hezeak eta kopa menstrualak, bazterketa arriskuan daudenentzat.

Emakumeen Osasunaren Nazio­arteko Eguna da datorren ostirala, maiatzaren 28a; eta horren ha­rira, pobrezia menstrualaren aur­kako kanpaina jarri dute mar­txan, Gipuzkoako emakumeen hainbat elkartek (INME, Di­vinas Nigerianas, Haurralde, Eskuak Salbatzen, Malen Etxea eta Txingudi), Elkarrekin Podemosen laguntzarekin.

Hilekoaren higienerako produktuen bilketa egingo dute, Gipuzkoa osoko hainbat Todo Todo supermerka­tutan eta zenbait farmaziatan; eta Hernanin ere izango da laguntzeko aukera: asteazkenetik ostiralera egon­go dira, herriko Todo Todo supermerkatuan, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara.

Bertan, jasoko dituzte konpresak, tanpoiak, toalla hezeak eta kopa menstrualak, bazterkeria arriskuan dauden emakumeentzat; eta baita pixoihalak ere, haurrentzat.

«Luxuzko produktutzat hartzen dira, pobrezia eta pandemia egoeretan»

Ohartarazi dute, egoera ekonomiko zailenetan, saihesten den aurreneko gastuetako bat izan ohi dela hori: «hilekoaren higienerako produktuak, luxuzko produktutzat hartzen dira pobrezia eta pandemia garaian; eta gainera, ez dira donazioetan jasotzen, eta ez dute laguntzarik izaten. Horregatik, eskatu nahi dugu oso zerga-karga murriztua izan dezatela». Eta honakoa gaineratu dute bilketaren antolatzaileek: «eskatzen dugu emakumeak ez zergapetzea, emakume izate hu­­tsagatik».

Herritar guztiei eskatu diete laguntza, pobrezia menstrualaren kontra egiteko, produktuak emanez, ingurukoen artean mezua zabalduz eta sare sozialetan aditzera emanez. Eta laguntza eskatu diete, era berean, bilketa horietan parte hartzeko. Asteazken, ostegun edo ostiral arratsaldean Todo Todon egoteko prest dagoenari, eskertuko diote horretan laguntzea. Hernanin, Elkarrekin Podemos talde politikoa ari da hori koordinatzen, eta lagundu nahi duena, haiekin jarri daiteke harremanetan: «zuen kolaborazioa espero dugu, naturala bezain ikusezina den gai honetan», diote.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!