Auzoekin elkarlanean, Udalak eta liburutegiak irakurzaletasuna sustatzeko 'libgune'ak sortu dituzte

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 22a, 00:00

Liburuak ohiko espazio itxietatik atera eta kanpoaldean, aire librean, irakurtzeko aukera zabaltzea da helburu nagusia. «Erabilera librekoa izango da, askatasuna eta konfiantza osoz utziko ditugu liburuak herritarren esku», dio Rakel Gonzalez Udal Liburutegiko arduradunak.

Liburuak ohiko espazio itxietatik atera eta kanpoaldean, aire librean, irakurtzeko aukera zabaltzeko helburuarekin Udalak, Hernaniko Udal Liburutegiak eta Zelabide eta Zikuñagako auzo elkarteek elkarlanean, bi libgune jarri dituzte martxan Carmen Adarraga parkean, saskibaloi pistaren eta atletismo pistaren ondoan, eta Zikuñagan.

«Erabilera librekoa izango da, askatasuna eta konfiantza osoz utziko ditugu liburuak herritarren esku», azaldu zuen Rakel Gonzalez Udal Liburutegiko arduradunak atzo Sagastialden egin zen aurkezpenean.

Bertan izan ziren bi auzo elkarteetako kide diren Juankar Tobar eta Arkaitz Larrañaga, Udaleko Koro Etxeberria Kultura zinegotzia, Udal Liburutegiko Rakel Gonzalez eta baita liburutegi eraikin gardenaren arkitektuak diseinatu duten Juntura estudioko Edurne Izagirre eta Gorka Segurola.

Sagastialden (Carmen Adarraga parkearen ondoan) eta Zikuñagan jarri dira liburutegiak.

«Liburutegia auzoetara zabaltzea da asmoa, herritarrei zerbitzu eta aukera berri bat ematea, irakurzaletasuna sustatzea eta zabaltzea, alegia, baina hortik haratago doa espazio hauen erabilera», azaldu zuen Koro Etxeberria Kultura zinegotziak. «Proiektu honek auzoak hobetzen ditu, kultura, kasu honetan, liburuak, edonoren eskura jarrita. Auzotarrei aukera berriak ematen dizkie eta apurtzen du ohiko liburutegi baten eredua, parkera, plazara, kalera hurbilduz», erantsi du.

 

«Liburuaren forma du egiturak eta erabilera anitzeko osagaiak»

Zikuñagan eta Sagastialde auzoetan ipini dituzte libguneak. Liburuen aukeraketa egiterakoan, «auzo bakoitzaren demografia kontuan hartu dugu, batez ere hizkuntzei dagokienez», azaldu du Rakel Gonzalezek. «Inolaz ere ez dugu nahi izan libguneak liburuen soberakinen biltegia izatea. Maiztasunez berrituko dugu eskaintza», adierazi du. Liburuak bertan irakur daitezke edo etxera eraman.

Liburutegien kudeaketa auzo elkarteen esku geldituko da; Zelabide Sagastialdeko auzo elkartearena eta Zikuñagakoaren esku, alegia. «Ekimen honen filosofiarekin erabat ados gaude eta guk hartuko dugu irekitzeko eta zaintzeko ardura», nabarmendu du Juankar Tobar Zelabide elkarteko ordezkariak.

Juntura arkitektuen kooperatibak diseinatu ditu libguneak. Gorka Segurola eta Edurne Izagirre arkitektuek azaldu dutenez, «liburuaren forma du egiturak, ireki daitekeena barruan istorioak dituen espazioa bihurtzeko», adierazi dute. Erabilera anitza duten osagaiak ditu. Egurrezko kutxak, adibidez, liburuen gordelekuak dira, baina, aldi berean, zabalik dagoenean esertzeko ere balio dute, edo bata bestearen gainean jartzeko.

Prueba piloto izango dira lehendabiziko libgune hauek, baina etorkizunari begira asmoa auzo gehiagotara zabaltzea da, beti ere auzoetako elkarteen laguntzarekin. «Ikusiko dugu ea nola funtzionatzen duten eta horrek esango digu nondik jo», nabarmendu zuen Koro Etxeberriak.

Gero ere, libgunearen ordutegia auzo elkarteek beraiek erabakiko dute. «Orain bilerak egingo ditugu erabakitzeko zein ordutegi eta egutegitan ireki behar diren. Egunerokotasunak erakutsi digu zein momentu eta garai diren egokienak» adierazi zuten Tobar eta Arkaitz Larrañagak. Zikuñagako libgunean gainera hizkuntza desberdinetan idatzitako liburuak aurkitu daitezke. «Etorkin asko dagoela ikusita».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!