«Arraunean gazteekin zortea izan dugu, beste kirol askotan ez bezala, lehiatu dira»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 22a, 00:00

Ainhitze Kalonje da Hernaniko Arraun Elkarteko lehendakaria.

Ainhitze Kalonjek Hernani Arraun Elkarteko lehendakari ardura hartu zuen 2020 urteko urtarrilean eta pandemiak klubean nola eragin duen eta aurtengo denboraldia nola joan den aztertu du: «Gazteenek ezin izan dute ia ezer egin eta kirola ihesbide bat izan da».

Ainhitze Kalonjek arraunlari hasi zuen bere ibilbidea Hernanik Arraun Elkartean; ondoren, arraunlari, entrenatzaile eta zuzendaritzako postuak uztartu zituen eta 2020ko urtarriletik klubeko lehendakaria da. Urte eta bost hilabete bete ditu eta denboraldia amaitu berri dute arraunlariek, batel estropadak amaitu eta gero. «Postuan aldatu egiten gara zuzendaritzako kideak; eta, orain, niri dagokit lehendakari izatea. Lehendakari, diruzain eta bokal postuetan gauden hirurak neskak gara».

Ez da urte eta erdi erraza izan, pandemiak erdi-erdian harrapatu baitu Kalonje lehendakaritzan. «Asko aldatu zigun egunerokotasuna, etxean entrenatu behar izan baitzuten arraunlariek eta etxeak prestatu zituzten ergometroak eramanez. Ez ginen gelditu, baina entrenatzeko modua aldatu zen. Online konektatu eta entrenatzen genuen. Urtarriletik martxora arte egin ziren estropadak; eta, gero, dena bertan behera geratu zen. Trainerua atera ez genuenez, bateletan zortzi estropada egin genituen eta azkena guk antolatutako izan zen. Gero, ez zen txapelketarik egin. Gure estropada denboraldia hor geratu zen, nahiz eta entrenatzen jarraitu genuen, behintzat ikasturtea amaitu arte. Denboraldiari amaiera emateko ekainean bi saio antolatu ziren Elorrabin, bukaera bat emateko».  

Aurtengoa, aldiz, desberdina izan da. «Udaran itxita eduki genuen kluba; eta, irailean, Udalarekin adostutako protokolo bat osatu eta gero, martxan jarri ginen. Erabilera mugatu zen gimnasiora eta kanpoko jarduerara. Aldagelak eta komunak itxita hasi ginen. Mahai bat jarri genuen kirol poltsak uzteko, eta entrenatzen hasten ginen kanpoan. Gero, gainera, olatuaren arabera itxi, ireki, itxi, ireki aritu gara».

Jende aldetik, Hernani Arraun Elkarteak aurreko kopurua mantendu du eta hori positiboki baloratzekoa da lehendakariaren esanetan. «Pasa den urtean, itxita egon ginenean denek jarraitu zuten eta irailean denak bueltatu ziren. Bajaren bat eduki genuen hasieran, ez zelako erraza eta ez zegoen garbi batel estropadarik egongo zen ala ez». Helburu zehatzik gabe gazteek arraun egitea ez da erraza izaten, bere ustez. «Irailetik urtarrilera ez daude estropadak, eta hor, tartearekin jokatzen genuen. Txikienekin, urtarrilera arte ez zuten utzi fitxarik egiten, eskola kirola ez zen martxan jarri eta horrek aurredenboraldia lasai egiteko aukera eskaini zigun». 

Jendeak uste baino erantzun hobea izan zuen. «Pare bat baja izan genituen txikienen artean, baina ez zegoen gauza askorik egiteko aukera; eta, horrek, lagundu egin dio arraun elkarteari, batez ere helduenen kasuan. Gazteenek ezin zuten ia ezer egin eta kirolean ihesbide bat bilatu dute. Alde horretatik pozik gaude».


«Espainiako Txapelketara joatea saria izan da infantil neskentzat»

Ligan zazpi batel eta jardunaldiren batean zortzi ere uretaratu dituzte. «Txapelketetan bost kategoriatan hartu dugu parte ontzi batekin». Eta infantil neskek emaitza oso onak lortu dituzte. Ligan eta Euskadiko txapelketan podiumera igo ziren; eta, Gipuzkoakoan, laugarren postua eskuratu zuten. Euskadikoan,  hirugarren postua lortzeak Espainiako Txapelketara ateak zabaldu zizkieten. «Hala ere, pena pixka bat hartu dugu. Eboluzio ona zeramatenean Gipuzkoako Batel Liga amaitu zen. Oso berandu amaitu zen, martxoan hasi eta bost estropada egin ziren. Azkenean,  erritmoa hartu zutenean, denboraldia amaitu egin zitzaien. Batel denboraldia hilabete batzutan luzatzen da; baina, aurten, traineril denboraldi baten parekoa izan da, hilabete eta aste gutxi batzuk».

Emaitza aldetik oso pozik geratu dira klubean errendimenduarekin. «Ligan domina atera zuten, Gipuzkoakoan hirugarren postutik oso gertu geratu ziren eta Euskadikoan brontzea leporatu zuten. Espainiakoa saria izan da. Bagenekien aukera gutxi zeudela, baina pasa dugun urtea eta jaso dugun erantzun bikaina eta gero, oparia izan da. Konpetitzeko grin hori baduzu eta, gainera, aurten garrantzitsuena bertan egotea zenez, arraun egitea bakarrik garaipena zen. Emaitza bigarren maila batean geratzen da honelako urte batean. Beraien adinekoek beste kirol askotan ezin izan dute lehiatu eta ez dira lehiatu;  eta guk, alde horretatik, zortea izan dugu. Agian, aire librean eta talde txikitan lehiatzeak, eta ariketa egiteak, bere abantailak izan ditu». 

Gainera, estropaden antolaketan bai klubak eta baita federazioak ere, lan haundia eta ona egin duela aipatzen du Ainhitze Kalonjek. «Horrek ere asko lagundu eta ahalbidetu du».

 

«Mutil seniorrak batelean lehiatu dira zazpi edo zortzi urte eta gero»

Aurten «zazpi edo zortzi urte eta gero» mutil seniorren batela uretaratu du Hernanik. «Seniorretara pasatzen ziren mutilek jarraitu nahi zuten. Hasieran,  usten zuten ez zutela aukerarik izango. Udaran, Donostiarra taldera joaten dira, baina batelak bertan egin nahi zituzten. Azkenean, bajaren bat egon da eta batel denboraldia amaituta trainerilarekin ez dute jarraitu. Erabaki dute ez ateratzea eta Donostiarran osatu dute trainerila denboraldia. Trintxerpera ere joan dira bi arraunlari».

Neska seniorretan beste bi batelek hartu dute parte ligaxkan. «Zortzi arraunlari izan ditugu eta batel bat hasi berriagoa zenez, batez ere bestea uretaratu dugu. Estropada gutxiago egin dituzte, eta bi izan dira guztira. Trainerilarako justu zeuden eta erabaki dute ez ateratzea. Bat hasi berria izanik, ez zuten estutu nahi. Trainerila denboraldia intentsoa izaten da eta estutzen bada norbait erre daiteke. Horregatik erabaki zen denboraldia batel denboraldiarekin amaitzea». 

Hala ere, nahiz eta ez lehiatu, entrenatzen jarraitzen dute neska senior eta jubenilek. «Astean bost arraunlari inguru elkartzen dira, batelean ibiltzen dira eta batelean dabiltzan batzuk, traineruan dabiltza Lapurdiko traineruan entrenatzen».

 

«Harrobiko arraunlariak badauzkagu trainerua ateratzeko, baina ez dira Hernanin ari»

Neska eta mutil nagusiekin Asier Ocon aritu da entrenatzaile lanetan. «Pasa den urtean, nesken trainerua ez zela aterako erabaki zenean Xabier Zabalak entrenatzaile lanak utzi zituen urte asko pasa eta gero. Hala ere, Beñat Odriozola, arraun egokituan dabil, eta Urkin, txoko bat utzi digute Xabi laguntzen ari zaio». 

Hori bai, aurten ere Maialen trainerua uretan ikustea ez da posible izango. Etorkizunean ere berreskuratzea ez da erraza izango. «Zaila da jende aldetik. Arraunlariak badaude herrian, baina ez Hernanin. Guk ez dakizkigun arrazoiengatik jendea kanpoan dabil arraunean. Gaur egun, Hernaniko harrobiko jendearekin nesken traineru bat atera zitekeen. Zortzi neskek gogoak dituzte Maialenen aritzeko, bertan, herritik atera gabe. Baina egoera zaila da».

Bestetik, Kalonjek asko eskertzen du babesleen laguntza. «Nahiz eta trainerua ez uretaratu, jarraitu dute taldea babesten.  Alde horretatik pozik gaude eta ikusten dugu diru aldetik badaukagula babesa».

Hurrengo urteari begira ere hasi dira lanean. «Denboraldia amaitutakoan, galdetu egiten diegu arraunlariei zer moduz egon diren balorazio bat egiteko eta jendeak jarraitu nahi duen jakiteko. Orain, horretan gabiltza. Ostiralero arraun klubean elkartzen gara, 16:30etan, Elorrabiko klubean. Jende berria animatzen bada, arraunean ikastera eta arrauna probatzen hasteko, egun horretan eta ordu horretan etorri besterik ez du;  edota hernani.arrauna@gmail.com helbidean informazioa eskatu dezake. Gero, askok jarraitzen dute». 













Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!