Karabelen aparkaleku berriak sortzeko proposamenak, PSE-EEk

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 22a, 00:00

Karabeleko aparkalekua, Zubipe futbol zelaiaren ondoan.

Hiru proposamen egin ditu PSE-EEk, Karabelen 138 eta 256 aparkaleku berri sortzeko aukerarekin. 

Hernaniko Udaleko talde sozialistak ziurtatu duenez, premiazkoa da Karabel auzoan aparkatzeko eskaerei erantzutea; izan ere, diote auzotarrek, lanetik itzultzen direnean, arazoak dituztela aparkatzeko, auzoan aparkatzerik ez dagoelako. «Zonalde honetako bizilagunek pairatzen duten arazo larrietako bat da, eta mugikortasun eta aparkaleku hobearen alde egiten dugun apustua garrantzitsua da, bereziki Karabel bezalako zonaldeetan, jendeak zailtasunak izaten dituelako aparkaleku libre bat topatzeko».

Alderdi sozialistak azaldu duenez, PSE-EEk bileretara eta batzordeetara eraman du arazo hori. Karabelera ez ezik, proposamena beste hainbat auzotara ere zabaltzea nahi du; besteak beste, Lizeagara, Elizatxora edo Antziolara.

 

Hiru proposamen egin dituzte

PSE-EEk hiru ekimen aurkeztu zituen eztabaidatzeko, eta teknikoki bideragarriak izango balira, beste onura batzuen artean, 138 eta 256 aparkaleku sortzea ahalbidetuko lukete. «Horrek behin betiko irtenbidea emango lieke auzoko bizilagunei eta udalerri osoari, aparkatzeko tokirik ez izateari erantzunez».

Lehenengo proposamena altueran aparkaleku bat egitea da  egungo disuasio-aparkalekuan. «118 plaza berri sortzeko, altuera bakarreko eraikin batean; baina gehiago eraikitzeko aukerarekin, beharra ikusiz gero. Beraz, 236 plaza sor litezke bigarren solairu bat eraikiz gero».

Bigarren proposamena zonalde egoiliarra seinaleztatzea da, «auzoko bizilagunek etxera itzultzen direnean aparkatzeko leku bat izan dezaten». Eta, azkenik, hirugarren proposamena da Olaeta plazako espaloia kentzea, geltoki berriaren parekoa. «Espaloi honek ez du zerbitzurik ematen eta baterian aparkatzea eragozten du».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!