'Energia Argitu'-ren bi tailer, datozen egunetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 22a, 00:00

Hilaren 27rako eta ekainaren 9rako jarri dute hitzordua; online izango da, eta beharrezkoa da aurretik izena ematea.

Energia argitu programaren baitan, beste bi tailer antolatu dira datozen asteetarako. Lehena, maiatzaren 27an izango da, datorren ostegunean, eta energia berriztagarriez arituko dira. Bigarrena, berriz, ekainaren 9an, eta ibilgailu elektrikoak zein mugikortasun jasangarrirako aukerak landuko dituzte.

Orain arteko saio gehienak bezalaxe, bi hitzaldiak online izango dira. Hori horrela, parte hartzeko beharrezkoa izango da interneterako sarbidea izatea eta, horrez gain, aldez aurretik izena ematea. Horretarako: argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatzi; 943 11 29 48/605 757 687 telefono zenbakietara deitu; edo, bestela, www.argitu.eus webgunean izena eman behar da.

Bestalde, hitzaldiak euskeraz zein gazteleraz izango dira; izan ere, itzulpen zerbitzua izango da.

 

Bi gai landuko dituzte

Energia argitu programako webgunean, atarian, ikus daitezke orain arte landu dituzten tailerren bideoak eta informazio osagarria. Datorren astean, ostegunean, energia berriztagarriaz arituko dira energia berriztagarriak zure etxean... posible bada! izenburupean. «Tailer honetan mota askotariko etxebizitzei zein berriztagarri egokitzen zaien ikasteko aukera izango da, norberak etxerako bideragarriena zein den jakin dezan», azaldu dute. Horretarako, adibide praktikoak emango dituzte, «bai komunitate ikuspegitik, bai bakarkako ikuspegitik».

Ekainaren 9ko tailerraren izenburua ibilgailu elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak da. «Tailer honen bidez, herritarrei informazioa eman nahi zaie gizartean pixkanaka indartzen ari diren mugikortasun jasangarrirako eredu berriei buruz», aurreratu dute hitzaldi horretaz.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!