Sauna gay bilakatuko da Biteriko aretoa gaur, lurrun artean desioak zein frustrazioak nahastuz

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 20a, 00:00

'Lurrun minez' antzezlaneko hiru protagonistak, emanaldiko eszena batean.

'Lurrun minez' antzezlana eskainiko dute, arratsaldeko 19:00etan hasita. Doakoa da, baina sarrera eskuratu behar da aldez aurretik: Plaza Feministan, edo 'berdintasuna@hernani.eus' helbide elektronikora idatzita.

Antzerki saio berezia antolatu du, gaur arratsalderako, Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailak: Lu­rrun minez antzezlana eskai­niko du­te, 19:00etan hasita. Doa­koa izan­­go da, baina emanaldiaz go­za­tzeko, sarrera eskuratu beharko da aldez aurretik: Kulturarteko Plaza Feministan (Florida 28), edota emailez idatzita, berdintasuna@hernani.eus helbide elektronikora.

«Hiru mariken arteko drama psikologikoa, soziala eta sexuala da Lurrun minez; hiruki arrosa. Gay sauna batean gertatuko da ezusteko topaketa. Lurrun artean nahastuko dira desioak, jaia, frustrazioak, erakarpen sexualak, boterea eta beste hamaika kontu labainkor», aurreratu dutenez. Saunan egiten du lan Alexek (30 urte); gizonezkoen sexu trukerako espazioetan ohiko bisitaria da Oskar (44 urte); eta aurrenekoz joango da gay sauna batera Jesus (19 urte). Gabon gauez gertatuko da. Saunak itxita egon beharko lukeen arren, irekitzea erabaki du Alexek, opari ederren bat jasotzeko esperantzaz. Drama psikologiko, sozial eta sexuala da antzezlana, eta plantetuko ditu galdera asko hausnarketarako gaiak.

Galder Perezen testua da antzezlanaren oinarri, eta Olatz Gorrotxategik zuzendu du. Taula gainean izango dira Gaizka Chamizo, Jon Koldo Vazquez eta Pelayo Serrano aktoreak, Joseba B. Lenoirren musikarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!