EAJ-PNV «berriro harrituta», apirileko Plenoan gertatuarekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 19a, 00:00

«Edozein muralek ordenantza edo Kultura Sailak markatutako prozedura jarraitu behar du», dio EAJk, Plaza Berriko pintaden inguruan.

Apirileko Plenoan, EAJ-PNVren arreta piztu zuten hainbat gaik, alderdiak aditzera eman duenez: batetik, Podemosek aurkeztutako mozioak, eta bestetik, Plaza Berriko pintadak ezabatzeko egindako eskaerari alkateak emandako azalpenek.

EAJk honela dio: «gure alderdi politikoko zinegotzi guztiok ez ginen harriduratik ateratzen, alkate jaunak mural izendatu zituenean Plaza Berriko pintadak, eta esan zuenean haiekin zerikusirik ez zuen talde batek eginak zirela eta horregatik ez zituztela ezabatu».

Andoni Amonarraiz EAJko bozeramaileak Plenoan hala erantzun dio: «Udalean nagoenetik, edozein muralek jarraitu behar du ordenantza edota Kultura Sailak markatutako prozedura. Mural horiek politikoak dira, eta gauez eta azpikeriaz margotu dira. Egileak Sortu inguruko gazte talde batekoak dira (Itaia, Ikasle Abertzaleak eta GKS). Espero dezagun gainerako hernaniarrei ez bururatzea ikusten duten horma libre bakoitzean muralak egitea. Pankartei dagokienez, pintadei buruz esandako gauza bera esan daiteke. Batzuentzat dena dago baimenduta».

Elkarrekin-Podemosek aurkeztutako mozioari dagokionez, Amonarraizek kritikatu zuen ez dela onargarria «alderdi politiko horrek Espainiako Gobernuan duen kidearekin aspalditik duen borroka Hernaniko Udalbatzari helaraztea, bere neurriko etxebizitza lege bat egin dadin».

Zehazki, jeltzaleen bozeramaileak mozioaren puntuetako bat azpimarratu du: «puntu gatazkatsuenetako bat izan zen administrazioek jada alokatuta dauden etxebizitzen prezioak arautzeko eskatzen zena, eta EH Bilduren botoekin onartu zena».  Bestetik, Amonarraizek galdera batzuk utzi ditu airean, hernaniarrentzat: «Zergatik nahi dute administrazioek errentan hartutako etxebizitzen jabeen aurka egitea? Gure gizartean, administrazioak dena arautu behar du, baita legez irabazitako herritarren ondasunak ere?».

Amaitzeko, EAJ-PNVk etxebi­zitzari eta alokairu-laguntzei buruz duen jarrera azaldu du. «Uste dugu etxebizitza-politikarik onena alokairu-eskaintza pu­blikoa zabaltzen jarraitzea dela, etxebizitza publikoa sustatuz edo etxebizitza hutsak mu­giaraziz. Bizigune bezalako programen alde egiten jarraitu behar dela uste dugu, behar duenari bizileku-irtenbide bat emanez eta, aldi berean, etxebizitzen jabeei segurtasuna emanez. Hernaniko Udalak alokairurako ematen dituen laguntzei dagokienez, diru-sarrera altuak berrikusi behar direla uste dugu, horiek jasotzeko. Berrikuspen hori urtean 30.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituzten bikoteei eta urtean 24.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituzten pertsonei egin beharko litzaiekeela uste dugu. Diru publikoa behar haundiena duten kolektiboei laguntzeko erabili behar da», diote jeltzaleek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!