Euskerazko zortzi film labur gaur, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 19a, 00:00
Biterin egongo dira Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchs. Argazkia: 'zinea.eus'

Arratsaldeko 18:30etan izango da, Dobera Euskara Elkarteak antolatuta, eta doakoa da sarrera. Solasaldia ere izango da ondoren, Ximun Fuchs, Manex Fuchs eta Eñaut Castagnetekin, 'Nire eguneroko maitea' filmaren egileekin.

18garren edizioa izango du aurtengoa Laburbirak, euskerazko film laburren zirkuituak. Dobera Euskara Elkarteak antolatuta, Biterin izango da, gaur arratsaldean bertan: zortzi film labur eskainiko dituzte, 18:30etan hasita, eta doakoa da sarrera.

Honakoak dira zortzi filmak: Aterpean ateri (Ruben Cresporena), Nigandik (Imanol G. Gurrutxaga), Game over (Ilune Diaz Pollacino), Ilunabarrean esan (Xavier Vallina), Babarrun txapelketa (Andoni Martinez de Medina eta Julen de la Serna), Datsegit (Aitor Arruti), Nire eguneroko maitea (Eñaut Cas­­tagnet, Manex Fuchs eta Ximun Fuchs), eta Agur (Iñigo Acha Gómez).

Guztira, 72 minutuko emanaldia izango da, eta bukatzean, solasaldia ere egingo dute. Horretarako, bertan egongo dira, film horietako baten egileak: Eñaut Castagnet, Manex Fuchs eta Ximun Fuchs.

Baxenafarrak dira Fuchs ana­iak, Larzabalekoak: aktorea Ma­nex, eta zinegile eta antzerkigilea Ximun. Miarritzekoa da, aldiz, Castagnet, zuzendaria eta muntatzailea. Le Petit Theatre de Pain antzerki taldeko kideak dira hirurak, eta elkarrekin aritu ziren Non filmean, Castagnet eta Ximun Fuchs zuzendari zirela, eta bi anaiak aktore. 2017an estreinatu zuten hura, Donostiako Zinemaldian: Frantziako herri txi­ki batean, enpresa bat itxiko du­te, greba gogor baten ondoren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!