Iñigo Llopisek brontzezko domina Europako txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 18a, 00:00

Iñigo Goñi, zilarrezko dominarekin.

400 libretan lortu zuen hirugarren postua S8 mailan, Madeiran, Andrei Nikolaev eta Alberto Amodeoren atzetik.

Egun hauetan Europako Igeriketa txapelketak ari dira jokatzen maila desberdinetan, baita igeriketa egokituan Madeiran (Portugal). Bertan ari da parte hartzen Iñigo Llopis igerilaria eta lehenengo proban brontzezko domina lortu zuen. 400 metro libretan hirugarren sailkatu zen, S8 mailan, eta podiumera igo zen Andrei Nikolaev errusiarra eta Alberto Amodeo italiarraren atzetik.

Ez da izango txapelketan zehar lortuko duen domina bakarra. Bizkar probetan ere dominak eskuratzeko hautagai nagusienetako bat da igerilari hernaniarra.

 

Iñigo Goñik zilarra, iraupen luzeko Espainiako Master txapelketan

Bestetik, pasa den ostiralean Iñigo Goñik zilarrezko domina lortu zuen iraupen luzeko Espainiako Master Txapelketan. Valladoliden antolatu zen txapelketa eta bertan proba batean hartu zuen parte, 3.000 metrotan 25 metroko igerilekuan. Bere azken denbora 37 minutu eta bederatzi segundukoa izan zen. Luis Pijuan izan zen garailea eta Carlos Lasheras nafarrak amaitu zuen hirugarren.

Goñi, Toledoko Monteverde taldean aritzen da igeri eta taldeka txapeldun geratu ziren Master Madrid eta Master Murcia taldeen aurretik sailkapen orokorrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!