Sahatsa Jauregi eta Azucena Vieites hernaniarren artelanak erosi ditu Kutxa Fundazioak

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 18a, 00:00

Covid-19ak sortutako egoeraren aurrean, bederatzi artista gipuzkoarren lanak eskuratu ditu, «laguntzeko aparteko neurri gisa». Horien artean daude Jauregiren 'Prieta' eta Vieitesen 'Fundido encadenado-Break You Nice'.

Gipuzkoako bederatzi artistaren lanak erosi zituen Kutxa Fundazioak, joan den urtean, bere «arte-ondarea bultzatzeko eta Gipuzkoako sektore artistikoari laguntzeko asmoz». Arte Ederren Bildumarako erosketa programa bat jarri zuen martxan, Covid-19ak sortutako larrialdi egoeraren aurrean «laguntzeko aparteko neurri gisa». Hori horrela, arte sektoreko adituen batzorde bat osatu zuten, eta bederatzi artistaren lanak aukeratu zituzten, bilduma osatzeko.

Bederatzi artista horien artean daude bi hernaniar: Azucena Vieites eta Sahatsa Jauregi. Vieitesen kasuan, 2012an osatutako bilduma bat aukeratu dute, paper gainean egindako lau serigrafia lan, 120 zentimetroko altuera eta 80 zentimetroko zabalera dutenak. Fundido encadenado-Break You Nice da bildumaren izenburua.

Jauregiri dagokionez, berriz, joan den urtean bertan egindako eskultura bat da aukeratu dutena, Prieta serieko lanetako bat. Bainuko altzari bat, inprimaketa digitala, burdinezko hagaxka edo barilla, gas betegarriak, eskumuturrekoa eta markoei eusteko piezak erabili ditu Jauregik, eskultura egiteko. 112 zentimetroko altuera dauka, 72ko zabalera, eta 10eko sakonera.

Aukeratu dituzten gainerako lanak, honakoak dira: Asier Mendizabalen *LF*RN (STENCIL), Elena Mendizabalen Castillo I tridimensional eta Castillo I bidimensional, Iñaki Gracenearen FÜNF CAM, Jaime de los Riosen Moving Pictures, Maider Lópezen Caja de 120 lápices de colores, Pilar Soberónen Uraldia, eta Zuhar Iruretagoienaren Hebra Proiektua: ni tú ni yo.


Azucena Vieitesen serigrafia lanetako bat.

Aurretik Kutxa Fundazioaren bilduman ez zeuden artisten lanak aukeratu dituzte, eta arreta berezia eskaini diete belaunaldi gazteei. Genero parekotasunaren irizpideei ere erreparatu die batzordeak, hautaketa prozesuan. Honako bostak dira, batzorde hori osatu duten adituak: Nekane Aranburu, kultura kudeatzailea, museologoa eta komisarioa; Juan Pablo Huércanos, Oteiza Museoko zuzendariordea eta eskultura eta argitalpen proiektuen komisarioa; Mikel Lertxundi Galiana, filosofia eta letretako doktorea EHUn, eta erakusketa ugariren komisarioa; Ana Salaberria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saileko goi-mailako teknikaria; eta Ane Abalde, Kutxa Fundazioko Arte eta Ondare zuzendaria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!