«Ziurtasunez zelairatu eta momentuoro ni izaten saiatu nintzen, dakidana egiten»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 18a, 00:00

Olatz Santana hernaniarra, Athleticen aurkako norgehiagokan, Lezaman. Argazkia: Real Sociedad

Olatz Santana hernaniarrak debuta izan zuen duela bi aste aurreneko taldearekin, Lezaman, Athleticen aurka. Ezustean izan zen, lau atezainetik bat lesionatuta zegoelako eta gainerako biek, berriz, positibo eman zutelako koronabirusean. Pozik dago Santana, eta lanean jarraituko du.

Olatz Santana hernaniarrak debuta izan zuen Realaren aurreneko taldearekin, Athleticen aurka, joan den maiatzaren 9an. «Ezustean izan zen, ez nuen espero», kontatu du. Izan ere, Realean hainbat positibo izan ziren koronabirusean, eta egoera medio, hernaniarrak Athleticen aurka jokatzeko aukera izan zuen, Lezaman. «Emakumezkoen bi talde daude Realean. Bata lehenengo mailan dago eta, bestea, berriz, Nazionaleko aurreneko mailan. Bi talde horietarako, lau atezain gaude: Mariasun, Adriana, Elene eta ni», dio Santanak.  «Kontua da Adriana lesionatu egin zela duela hiru aste, eta, beraz, aurreikusita zeuden partiduetarako ez zuen jolasteko aukerarik izango. Horrez gain, aurreneko taldean hainbat jokalarik positibo eman zuten koronabirusean. Horietako bat Adriana izan zen; alegia, porteretako bat».

Gainera, positibo horiek izan zirenean, Realaren lehenengo taldeak Sevillan jokatu zuen norgehiagoka, eta segurtasun neurriak betetzen ahalegindu baziren ere, 48-72 orduz elkarrekin egon ziren jokalariak.  «Horren ostean, bidaiatik bueltan, lehenengo taldeko eta bigarren taldeko jokalari guztiak konfinatu egin behar izan genuen, kontaktu zuzena izan genuelako positiboekin. Aste horretan, positibo gehiago izan ziren; horien artean, Elene eta Mariasun, beste bi atezainak», azaldu du hernaniarrak. Ondorioz, Athletic-Real jardunaldirako, lautik hiru atezain lesionatuta zeuden edo koronabirusean positibo ziren. «Beraz, nik jokatu behar izan nuen».

Debuta, ezustean

Federazioak baimendu zuen lehenengo partidua atzeratzea, Santa Teresaren kontrakoa; baina bigarrena, aldiz, Athleticen aurkakoa, ezin izan zen atzeratu, «lehenengo taldean zazpi jokalari baino gehiago baitzeuden jokatuko prest». Kasu horretan, hain justu, Federazioaren arauek diote norgehiagoka ezin dela bertan behera utzi. «Gauzak horrela, Covid-19agatik, egoera surrealista honetan, horrelaxe egin nuen debuta».

«Mentalki, konplikatua izan zen niretzat egoerari aurre egitea. Dena den, badaezpada ere, aste osoan prestatzen aritu nintzen agertoki horretarako. Izan ere, azken ordura arte Federazioak ez zuen ezer esan»

Hernaniarrak dio, hasiera batean behintzat, ez zela erraza izan lehenengo mailan debuta hain bat-batean egingo zuela barneratzea; «mentalki, konplikatua izan zen niretzat egoerari aurre egitea». Hala ere, partidu aurreko egunetan prestaketa lanetan aritu zen Santana, norgehiagoka ahalik eta hobekien jolasteko. «Badaezpada ere, aste osoan prestatze aritu nintzen agertoki horretarako; hau da, igandean nik jokatzeko. Izan ere, oraindik ez genekien nork jokatuko zuen, Federazioak azken ordura arte ez zuelako ezer esan», aitortu du. «Beraz, nire kabuz, iganderako prestatzeko nahikoa lan egin nuen».

 

Minutu eta segundu bakoitza gozatzeko prest

Bestalde, Santana bigarren taldeko atezaina da eta lehenengo taldearekin ere entrenatzen duen arren, onartu du erritmo aldaketa «haundia» sumatu zuela zelai barruan. «Salto haundia dago nazionaletik lehenengo mailara, eta, gainera, urduritasunarekin, presioarekin, derbia zela eta… prest egon nahi nuen. Orduan, egia da Lezamara oso lasai iritsi nintzela. Beroketan oso-oso gustura sentitu nintzen; azken finean, aukera ahalik eta gehien aprobetxatzen ahalegindu nintzen; zelai barruan,  segundu eta minutu bakoitza gozatu nahi nuen».

Aste osoko prestaketaren ondoren, Bizkaira seguru eta gogotsu egin zuen bidaia hernaniarrak. «Ziurtasunez zelairatu eta momenturo ni izaten saiatu nintzen, dakidana egiten. Egia da, gero, minutuek aurrera egin ahala, zenbait akzio zirela eta, urduritzen hasi nintzela. Esan dudan moduan, alde haundia da kategoria batetik bestera; eta, noizbehinka lehenengo taldearekin entrenatu dudan arren, asko nabaritu nuen erritmo falta. Ez da gauza bera entrenamendua edo konpetizioa».

Olatzek atzera buelta egin du, partiduko zenbait jokaldi gogoratzeko. «Gogoan dut akzio zehatz bat; Luziari errekortea egin nion, eta ondo atera zitzaidan, txiripaz. Hala ere, jokaldi horrek ni urduri jartzea eragin zuen, eta segurtasun falta pixka bat ere sortu zuen nigan. Pentsatu nuen, ai ama… ondo atera izan ez balitz, auskalo zer gertatuko zen!».  Jokaldi horrek partidutik atera zuen Santana. «Hor, urduritzen hasi nintzen, eta egoeraren kontrola ere zertxobait galdu nuen. Baina, beno, egia da deskantsutik bueltan, berriz ere, topera egoten ahalegindu nintzela. Oso kontzentratuta, momentu guztiez gozatzeko prest».

 

Azken minutuan galdu zuen Realak, luzapenean

Lezaman 2-1 galdu zuen Realak, azken minutuetan. 82garrenean txuri-urdinek sartu zuten gola, eta markagailuan aurreratu ziren. Dena den, bizkaitarrek berehala berdindu zuten norgehiagoka, 89garrenean, eta azken minutuan, 93garrenean, Athleticek partidua itxi zuen; eta orduantxe erabaki zen garailea. «Esan beharra dago, azken minutuetan galdu genuenez eta hiru puntuek alde egin zuten bezalaxe, buru makur atera ginela. Izan ere, hausnarketa globala egiterakoan, bost minututan bi gol jasotzeak ez du laguntzen». Edonola ere, debuta egin eta bi asteren ostean, positiboki gogoratzen du hernaniarrak Lezamako partidua; «oro har, esango nuke gustura sentitu nintzela eta lehenengo mailan jokatzeko aukera aprobetxatu nuela. Egoera eta agertokia, derbia, ez ziren batere errazak izan; eta, beraz, oro har, nahiko pozik nago. Aurkaria,  gainera, argi dago, ez da edozein aurkari, hor hiru puntu baino gehiago genituen jokoan».

 

«Lanean jarraituko dut»

Etorkizunari begira, lanean jarraituko du hernaniarrak. «Oso pozik nago lehenengo mailan debuta egiteko aukera izan dudalako. Nolanahi ere eta egia esateko, ez dut uste besteren bat jokatuko dudanik. Ez-ohiko egoera izan zen Lezamakoa, eta koronabirusa eta lesioak medio, jolasteko aukera eman zidaten. Baina, bestelakoan, noski, entrenatzen eta lanean jarraituko dut».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!