Ekain Tolaretxipi Urnietan izango den Gipuzkoako Eskolarteko finalera sartu da

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 17a, 00:00

Ekain Tolaretxipi Oiartzungo saioan.

Bertso eskolako bertsolari hernaniarrak ostiralean jakin zuen maiatzaren 28an egingo den finalera sailkatu dela. Euskal Herrikoa udazkenean egingo da eta bertara sailkatzeko txapeldun edo txapeldun orde geratu behar du.

Ekain Tolaretxipi bertsolari hernaniarra Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketaren finalean arituko da, maiatzaren 28an Urnietan. Ostiralean jakin zuen bertan lehiatuko dela, azken saioaren ostean. Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan, Oiartzungo kanporaketan, orain bi aste apirilaren 30ean egokitu zitzaion lehiatzea eta saio polita egin zuen bigarren amaituta. Joar Garatek lortu zuen puntuaketa altuena, Tolaretxipiren aurretik. Horren saria ostiralean jaso zuen finalera sailkatuta. 


Gainera, final horretan Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketaren finalerako txartelak egongo dira jokoan. Udazkenean egingo den finalerako Gipuzkoako txapelduna eta txapeldun ordea sailaktuko dira.

 
Gipuzkoako laugarren eta azken kanporaketa Arrasaten jokatu zen ostiralean. Lide Arregi, Jon Mendiluze, Uxue Ostolaza, Amets Aizpurua, June Aiestaran eta Sustrai Goenaga aritu ziren Axier Iriondok jarritako gaiei erantzunez. Bertsolarien lanak epaitzen berriz, Eneritz Azkue, Oihana Aranguren eta Karlos Ibarguren aritu ziren. Azkenean, Amets Aizpuruak lortu zuen zuzenean finalera sailkatzea Arrasateko saioa irabazita.


Lau kanporaketetako irabazleez gain, puntuazioz beste bi bertsolari sailkatu dira finalerako eta horietako bat izan da Tolaretxipi. Honenbestez, horrela geratu da maiatzaren 28an Urnietako Saroben jokatuko den finaleko bertsolarien zerrenda: Joar Garate Rueda, Nerea Isusi Gomez, Naia Arrizabalaga Arrieta, Amets Aizpurua Manzisidor, Ekain Tolaretxipi Errasti eta  Jon Mendiluze Mujika.


Bigarren saioko irabazlea Nerea Isusi izan zen, Asteasun, eta Azpeitiko hirugarren saioko lehenengo sailkatua Naia Arrizabalaga izan zen.
Finala a 19:00etan izango da, eta bertara joan ahal izateko gonbidapena eskatu beharko da bertsozale elkartearen webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!