Sagastialde 19ko etxebizitzen maizterrei sei hilabeteko beste luzapen bat emango zaie

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 16a, 00:00

Xabier Lertxundi alkatea eta Oier Agirresarobe zinegotzia, bileran.

Pasa den urteko luzapena eta gero orain utzi beharko lituzkete etxebizitzak, baina maizter horietako batzuen egoera ekonomikoa ez da hobetu eta Udala irtenbide bat lantzen aritu da orduz geroztik Eusko Jaurlaritzarekin.

Sagastialde 19ko zuzkidura (dotazionala) etxebizitzen inguruan sortutako egoerari sei hilabeteko arnasbide bat eman dio Eusko Jaurlaritzak. 2020an, pandemiaren erdian, etxe horietan bizitzeko denbora agortu zitzaien maizterrei eta, horietako batzuek pandemiaren erdian bete-betean beste etxebizitza bat aurkitzeko ezintasunaren aurrean, urtebeteko luzapen bat onartu zien Eusko Jaurlaritzak. Urtebete pasa da baina batzuen egoera ekonomikoa ez da hobetu. 


Eusko Jaurlaritzarenak dira etxebizitza horiek eta, legearen arabera, gehienez bost urtez bizi daiteke pertsona bakoitza etxe horietako batean. Dena dela, egoera ekonomiko txarrean bizi ziren eta egun ere bizi diren pertsona horietako batzuek ezin dute etxebizitza libre baten alokairua ordaindu, eta Udalak, haientzako irtenbide bat bilatu nahian, Eusko Jaurlaritzari beste bilera bat eskatu zion. Bilera hori ostegunean egin zuten udal ordezkariek eta Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordetzakoek. Eta, legearen mugak aintzat hartuta, pertsona horiei beste sei hilabeteko luzapena eman die Jaurlaritzak.

Alternatiba bilatuko zaie sei hilabete horietan
Bertan bizi ziren zenbaitek etxebizitza eskubide subjektiboa zeukatela eta –legeak diru sarrerei dagokienez ezartzen dituen baldintzak betetzen zituztelako– beste etxebizitza batzuetara bideratu zien Eusko Jaurlaritzak. 


Baina badira irizpide horiek bete ez baina, hala ere, egoera zailean dauden pertsonak: batzuk adinekoak dira, besteren batek aniztasun funtzionala dauka... Eta herritar horientzat irtenbide bat bilatzen aritu da Udala 2020z geroztik. 


Bileran, Xabier Lertxundi  Hernaniko alkatea eta Oier Agirresarobe Etxebizitza arloko zinegotzi delegatua bildu ziren, Eusko Jaurlaritzako Pedro Jauregi Etxebizitza sailburuordea eta Alfonso Sanz Etxebizitza delegatua eta teknikariarekin batera.


Jaurlaritzak Udal ordezkariei jakinarazi die sei hilabeteko luzapena emango diela herritarrei eta, denbora horretan, Udala prest azaldu da, Jaurlaritzarekin elkarlanean, pertsona horiei alternatiba egoki bat bilatzeko. 


 Hernaniko alkatea ondoren bildu zen bizilagun horietako ordezkari batekin, baita Stop Kaleratzeak elkartearekin ere, Jaurlaritzarekin izandako bileraren emaitza jakinarazteko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!