Espainiako Txapelketan, 18 urtez azpikoen taldea

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 15a, 00:00

Hernaniko 18 urtez azpikoak, aurreko partidu batean. Argazkia: Hernani CRE

Gaur eta bihar jokatuko du Hernanik, Katalunian, Sant Cugat hirian. Beste zazpi talderekin ariko dira lehian, bi multzotan.

Kataluniako Sant Cugat hirian ariko da Hernani Errugbi Elkarteko harrobia, gaur eta bihar. Izan ere, Espainiako Txapelketa jokatuko du 18 urtez azpikoen taldeak, bertan. Orain bi aste lortu zuen txartela Hernanik, Uni Bilbaori bi partiduak irabazita: Landaren 59-0 joanekoa, eta El Fangon 7-26 bueltakoa, lesioak tarteko baja askorekin aritu arren.

Horrela, beste zazpi talderekin batera ariko dira trikoloreak gaurtik, Sant Cugaten: El Salvador, Sant Cugat, Alcobendas, Valencia, Barcelona eta Les Abelles.

Bi multzotan banatuko dituzte taldeak, eta ligaxka jokatuko dute aurrena; talde bakoitzak hiru partidu. Horietatik bi jokatuko dituzte gaur, eta hirugarrena bihar. Ondoren, multzo bakoitzeko bi onenek egingo dute aurrera, eta semifinalak jokatuko dituzte. Bihar arratsaldean izango da finala.

Hernanik, Barcelonaren kontra ekingo dio, gaur 11:40etan; eta Valenciaren kontra jokatuko du 15:00etan. Bihar, berriz, Alcobendas izango du aurrean, goizeko 09:50etan.

Bihar 13:00etan jokatuko da aurreneko semifinala, eta segidan izango da bigarrena.

Partidu bakoitzak 34 minutuko iraupena izango du, 17 minutuko bi zatitan banatuta. Finala 40 minutukoa izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!