Kutxa Bira hilaren 28an helduko da Hernanira

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 15a, 00:00

Martxoaren 20an hasi zuen bidea Argentinako Patagonesen, eta Hernanira hilaren 28an iritsiko da, 17:30etan.

Bizi gira... kutxa bira! lelopean, Euskal Herri osoa eta diaspora zeharkatuko duen egitasmoa sortu zuen Iparra Hegoa Elkarteak. Martxoaren 20an hasi zen  ekimena Argentinako Patagones hirian, eta maiatzaren 30ean amaituko du Seguran bere ibilbidea. Protagonista nagusia egurrezko kutxa bat da, eta barruan, Amets Arzallusek idatzitako ametsa dago.

Xedea da euskerak munduan duen garrantzia aldarrikatzea. Horretarako, herriz herri mugituko da kutxa. Herri bakoitzak bideo bat egiteaz gain, kutxa barrura, fisikoki, aldarrikapen bat sartu beharko dute, eta, horrekin batera, hurrengo herriari gonbidapen agurra idatziko die.

Dagoeneko egin du ibilbidearen erdia baino gehiago, eta Hernanira, bidea amaitu baino bi egun lehenago helduko da, maiatzaren 28an. Arratsaldeko 17:30etan iritsiko da, eta  Zinkoenean egingo diote harrera Errugbi Elkartekoek. Bertan izango dira ere herriko beste hainbat elkarte, eta baita ikastola guztietako ordezkariak ere.   
Zinkoenera helduta, Plazara eramango dute kutxa, herritar guztien babesarekin.

 

Ametsen topalekua

Egun berezia izango da; kuttuna, hernaniarrentzat. Izan ere, kutxa bat ez ezik, ametsen topalekua ere bada. Hori horrela, ­ Hernanin gogotsu hartuko dute kutxaren iritsiera: Ttarlak agurra dantzatuko du, errugbikoek performancea egingo dute eta, azkenik, Doberako mintzalagunen eta Amherreko kideen irakurketa izango da, hainbat musikariren laguntzarekin.

Iparra Hegoak azaldu duenez, egitasmo honekin, pandemiagatik bizitako «galera sentimentalak» apaldu nahi dituzte: «Oztopoak oztopo, krisiak krisi eta estatuak estatu, guk ozen diogu: Bizi gira… kutxa bira». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!