Couth enpresa hernaniarraren beste eraikin bat eraikiko dute Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 15a, 00:00

Orona enpresaren ondoan eraikitzea aurreikusi dute.

3.000 metro koadroko azalera izango du, eta, horrekin, beste 20 lanpostu sortzea aurreikusi dute.

Couth enpresa hernaniarraren beste eraikin bat Galarretako parke teknologikoan kokatzeko lanean ari dira enpresa eta Udala. 1963tik Zikuñagan egon da, baina orain, Oronakoa aintzat hartuta, parke teknologikoan ezarriko den bigarren enpresa izango litzateke. Aldaketa honekin, helburua da «mende erdiz Hernanin errotutako enpresa honen etorkizuna herriari lotuta jarraitzea».

Egun, Couthek mundu osoko dozenaka herrialdetan du presentzia, eta, etorkizunean, hedatzeko asmoa du. Horren ondorioz, bere egungo beharretara egokituko den eraikin berri bat behar duela adierazi du Udalak; «enpresako talde arduradunak eta Hernaniko Udalak irtenbide posibleak landu dituzte, eta, Couth-en instalazio berriak Galarretako parke teknologikoan kokatzea ahalbidetzeko lanean ari dira».

 

20 lanpostu berri

Couth-ek 48 langile ditu gaur egun; horietatik 23k goi-mailako ikasketak dituzte (ingeniaritza eta goi-mailako beste gradu batzuk) eta beste 23k, berriz, lanbide-heziketa dute (batez ere mekanika industrialean, elektromekanikan eta delineazioan).

Horrez gain, enpresa haunditzearekin batera, enpresak beste 20 lanpostu kualifikatu sortzea aurreikusten du. Zehazki, postu hauek sortuko dira: 15 lanpostu ingeniaritza, fisika eta matematikako titulazioa duten pertsonek beteko dituzte; eta gainerakoak (5), Elektromekanikako LHko kualifikazioa duten pertsonek.

Bestalde, enpresako planen arabera, Galarretako eraikin horrek 3.000 metro koadroko azalera hartuko luke. Gainera, eraikina efizientzia energetikoko irizpideak jarraituta eraiki nahi dute. Dena ondo bidean, Couth enpresak 2023an estreinatuko lituzke bere instalazio berriak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!