Kulturarteko Plaza Feminista birgaituta, teknika bereziarekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 15a, 00:00
Birgaitze lanetan hainbat enpresek hartu dute parte.

Energia kontsumo baxuko eraikina egitea izan da helburua, eta hainbat enpresen artean egin dute obra.

Kulturarteko Plaza Feministaren eraikina birgaituta dago. Birgaitze prozesuan parte hartu dute UTE taldeak, Kursaalek eta Construcciones Ormak. Gainera, helburua izan da energia kontsumo baxuko eraikina sortzea, eta jomuga «bikain» lortu dutela helarazi dute denek. Izan ere, diote, lurraldeko eraikin publikoen artean, hauxe dela kontsumo baxuena duena.

Obra, bestalde, Passivhaus EnerPHit estandarraren teknikarekin gauzatu da. Adierazi dutenez, modu horretan birgaitu den Gipuzkoako lehenengo eraikina da hau.

 

«Ia zero kontsumoko eraikina»

Egindako lanean, bai fatxadan, bai estalkian, isolamendu termikoko sistema instalatu dute. horrela, inguratzaile termikoa lortu dute.

Horrez gain, arotzeria guztia ordezkatu dute eta eraikinaren estankotasuna ziurtatzeko lanak ere egin dira.   Hitz gutxitan esateko, azken lorpen horrekin, eraikinak ez ditu hezetasunak izango eta babestuta egongo da. 
Hori gutxi balitz, beroa berreskuratzeko sistema duen aireztapen sistema mekanikoa ere instalatu dute eraikinean.

Birgaitze lanak amaituta, Uxue Bereziartua Berexi artistak murala margotu zuen eraikinaren fatxadan. Horrela, bada, inaugurazioa laster izatea aurreikusi du Udalak. Aurreratu zutenez, irailean izatea espero da.

Horren bueltan, Kulturarteko Plaza Feminista Udalak abian jarritako proiektua da; eta, jasangarritasunaren aldeko proiektua izateaz gain, obrak izaera soziala eta kooperatiboa du. Hain zuzen, hilabeteetan zehar, jatorri eta adin ezberdineko emakumeen parte hartzearekin diseinatu da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!